Europako Kopan seigarren egin dute Regillagak eta Etxarrik

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 19a, 11:59

Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri, Madrilen, asteburuan, Europako Kopan.

Judo Klub Tolosako kideek Nage No Katako modalitatean parte hartu dute, eta lehen aldiz senior mailan aritu dira.

Judo Klub Tolosako Joseba Regillaga amezketarrak eta Joseba Etxarri tolosarrak Nage No Kata modalitateko Europako Kopako proba batean parte hartu dute asteburuan Madrilen, eta seigarren postua lortu dute. Berez junior mailan lehiatzen du bikoak, baina Europako Kopa horretan lehengo aldiz parte hartu du senior mailan. Hain justu, 23 urtez azpiko mailan parte hartzeko aukerarik ez zegoen.

Regillagak eta Etxarrik 348 puntu lortu zituzten proban. Irabazleak Glatenferd Escobar eta Miguel Angel Bermudez kolonbiarrak izan ziren, 410 punturekin. Bigarren, Mauro Collini eta Tommaso Rondinini italiarrak izan ziren, 406,5 punturekin, eta hirugarren Antonio Marin eta Torrado Ayala espainiarrak, 398,5 punturekin.

Proban parte hartzerakoan «sentsazio onak» izan zituztela esan du Regillagak, baina puntuazioa «pixka bat arraroa» izan zela. Etxarrik gaineratu duenez, «kata ondo atera zaigu, ez da akatsik egon, eta puntuazioaren aldetik ez gaude hain kontentu». Aurkariak ez zirela nolanahikoak izan azaldu du: «Senior mailako munduko txapeldunak eta hirugarrenak zeuden kopa honetan». Kopari ez zaiola berebiziko garrantzirik eman behar zehaztu dute: «Proba senior mailan izan da eta guretzako aukera bat izan da ikusteko nola gauden eta zer mailatan gabiltzan. Gure helburua Munduko Txapelketan emaitza on bat lortzea da».

Munduko Txapelketa urriaren 28 eta 29an izango da, Abu Dhabin, eta Regillagak eta Etxarrik junior mailan parte hartuko dute. Txapelketa horretan izango dira ere Judo Klub Tolosako Unai Saralegi eta Unai Regillaga, eta hauek senior mailan parte hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!