Jatorkinek materiala bilduko du lurrikararen kaltetuak laguntzeko

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 19a, 07:59

Tolosako Larramendi kalean duten egoitzan elikagai ez galkorrak, garbitasun eta higiene produktuak eta osasun materiala jasoko dute; hondamendia gehiagora joan ez dadin laguntza eskatu dute

Irailaren 8an richter eskalan 6,9 graduko lurrikara izan zen Marokon eta ia 3.000 pertsona hil eta 5.000 zauritu ziren. Jatorkin Al-Nahda elkarteak, lurrikarak kaltetuko herritarrak laguntzeko kanpaina abiatu du. Tolosako Larramendi kalean duten egoitzan hainbat material bilduko dituzte datozen egunotan. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik bulegoa eta elikagai ez galkorrak, garbitasun eta higiene produktuak eta osasun materiala bilduko dute, besteak beste.

Magreben jatorria duten herritarrak asko dira Tolosaldean eta haiekiko elkartasun keinu gisa abiatuko dute material bilketa elkarteko langile Miriam Uzkudunek azaldu duenez. «Marokoko egoerarekin kezkatuta egon eta nola lagundu ez dakienak, jakin dezala laguntza hori bideratzeko modua duela Jatorkinen egoitzan», esan du Uzkudunek. Aurreko ostiralean abiatu zuten ekimena eta dagoeneko jaso dituzte lehenengo materialak. «Kopurutxo bat osatzen dugunean egingo dugu lehenengo bidalketa eta gero ikusiko dugu zenbaterainoko beharra dagoen. Egoera bere onera etorri bitartean laguntza bideratzen jarraituko dugu».

ELKARTASUN BEHARRA

Marrakexetik 70 kilometro hegoaldera, Al Hauz probintzian izan zen lurrikararen epizentroa eta kalterik handienak Marrakex, Ouarzazate, Azilal, Chichaoua, Taroudant, Agadir, Casablanca, Al Youssufia eta Tinguir herrietan izan ziren. Zonalde horietan etxebizitza tradizional asko dago, Jatorkin elkarteko Chaimae Nakarik azaldu duenez, «egitura ahulekoak asko», eta horrek larriagotu egin du hondamendia.

Neguaren gertutasunarekin kezkatuta dago, berriz, Farah Malec Subeir: «Jende asko etxebizitza gabe geratu da eta kalean dago une honetan. Negua badator, hotza hasiko da eta jende horrek behar beharrezkoa izango du guk hemendik bidalitako laguntza». Neguko arropa, mantak eta oinetakoak eramateko deia luzatu du Jatorkin elkarteko kideak. «Espero dugu gobernuak emandako hitza bete eta ingurune horretara lehenbailehen laguntza bideratzen hastea», esan du Malec Subeirrek.

Tolosako elkartean ez dute jendea sumatu informazio eske. Nakarik aipatu duenez, lurrikararen ondorioz komunikazioak ez dira eten eta jendeak lehen eskutik jaso du bertako egoeraren berri. Bere jatorrizko herrialdean gertatzen zena ia zuzenean bizi izan zuen Nakarik berak ere: «Ahizpa Tiktok aplikazioan zuzeneko bat ikusten ari zen eta momentuan bertan ikusi zuen nola gertatzen ari zen lurrikara. Larrituta hots egin zidan, nahiz eta Tangerren bizi, eta han mugimendurik ez sumatu, gau osoa eman zuten badaezpada kaleko arropak jantzita, erreplikaren bat noiz gertatuko». Jatorkin elkarteko langileak dio min handiarekin bizi dutela Marokoko egoera. «Latza da zenbaterainoko galera egon den ikustea, guri pasa izan balitzaigu bezala sentitzen dugu», esan du Nakarik.

Lurrikararen aurreko egoerara itzultzea asko kostako dela uste du Malec Subeirrek eta Euskal Herritik bideratzen den laguntza giltzarria izango dela esan du, «kaltetuak lagundu eta hondamendia oraindik ere handiagoa izan ez dadin».

BILKETA SOLIDARIOA

Ordutegia

Tolosako Larramendi 9, behea. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Materiala

Elikagai ez galkorrak. Irina, azukrea, latak, kontserbak, lekaleak, pasta... Alde batera geratzen dira musulmanen halal dietaren araberako elikagaiak.

Haurren elikadura. Esne hautsa, ahiak, biberoiak...

Garbitasun edo higiene pertsonala. Haurrentzako eta helduentzako pixoihalak, hilekoaren higienerako produktuak, toallatxo hezeak, xaboia...

Garbiketarako produktuak. Eskuko ontzi garbigailua, detergentea, sukaldeko papera, komuneko papera, zabor poltsak, termoak...

Osasun materiala. Iraungi gabeko sendagaiak, lehen laguntzarako kitak (bendak, tiritak, ur oxigenatua...).

Neguko arropa eta oinetakoak. Berriak eta egoera onean daudenak, haur, gaztetxo eta helduentzat.

Oheko arropa. Mantak, izarak, burkoak, koltxoi puzgarriak eta lotarako zakuak.

Bestelakoak. Kanpin dendak, linternak, gasolina sorgailuak, eguzki fokuak, kandelak, pospoloak...

Donazioak

'Maroko lurrikara' kontzeptuarekin. Kontu korrontea: ES 87 2095 5067 1810 74425355.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!