Mugikortasun jasangarria eta bide-heziketa landuko dituzte Astekliman

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 18a, 20:00

Europa osoan ospatzen ari den mugikortasun astearekin batera, irailaren 22tik urriaren 1era, Asteklima ospatuko da Tolosaldean, beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruan gizartean kontzientzia piztu eta herritarrak mobilizatzeko.

Garapen jasangarriaren alde, Mugikortasun Astea ospatzen ari dira irailaren 16tik 22ra, Europa osoan. Klima eta Energiaren alde, berriz, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, Asteklima ospatuko da irailaren 22tik urriaren 1era. Eskualdeko zenbait udalek, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren laguntzarekin, bat egin dute bi ekimenekin, beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruan gizartean kontzientzia piztu eta herritarrak mobilizatzeko. Hori dela eta, jarduera ugari antolatu dituzte datozen egunetarako.

Urteak dira eskualdeko udalek bizimodu eta eredu jasangarriagoak aldarrikatzen dituztela. Urteak pasa ahala, mezu hori «are garrantzitsuagoa, beharrezkoagoa eta urgenteagoa» bihurtzen ari dela azpimarratu du Garbiñe Mendizabal garapen agentziako ordezkariak. «Urteotan kontzientziak mugitzen saiatu izan garen arren, eta guk geuk gure bizitzeko kontsumitzeko edota mugitzeko eredu alternatiboak arakatzen saiatu izan garen arren, kolektiboki, gizarte bezala, oraindik asko dugu egiteko, aldaketa klimatikoaren, ingurumenaren eta gizartearen alde», gaineratu du.

Arestian aipatutako ekitaldien artean, ostiralean Ibarra eta Tolosa artean egingo duten Bizibira izango da nagusiena. Ibarrako San Bartolome plazan hasiko da, 16:45ean; bertan egongo dira Uzturpe ikastolako haurrak. Ondoren, Ibarrako udaltzainen laguntzaz, Tolosara joango dira. Bertan, Tolosako udaltzainei pasako diete testigua, eta herriko errepideetan barrena, Samaniego eskolatik, Herrikide ikastetxetik eta Laskorain ikastolatik igaroko dira, guztiak batera, Zumardiaundira itzultzeko. Urtero bezala, bertan egingo dute urteroko festa nagusia; eguraldi txarrarekin, Zerkausian egingo dute ekintza.

Intujai Teatro taldearen laguntza izango dute ostiraleko ekitaldian. «Badira urte batzuk Bizibirari kolorea ematen hasi ginela. Guretzat pribilegio hutsa da, eta oso gustuko dugu duen formatua eta sinbolismoa, ikastetxez ikastetxe bizikletan joan eta haurrek duten harremana indartzen duelako», esan du May Gorostiaga taldeko kideak.

Txangoa dinamizatzeaz gain, beti saiatzen dira ekimena aberasten, eta aurten puntako bi artista izango dituzte beraiekin. Batetik, Iñigo Arroyo barakaldarra. «Talentu handiko akrobata da. Mendiko bizikletarekin aritzen da eta atzo amaitu zen Espainiako Vueltako helmuga guztietan emanaldiak egiten aritu da». Bestetik, Mauricio Garzon, Gurpilzoroak taldeko kidea. «Abilezia handia du gurpil alemaniarrarekin. Berak emango dio hasiera txangoari eta amaierako saioan ere egongo da».

Ordenantza berria Tolosan

Aurten ere mugikortasun jasangarria izango da Asteklimako ardatz nagusia eta, horri lotuta, baita bide-heziketa ere. Hain zuzen, bide publikoan, oinezkoen, bizikleten eta gainerako motordun ibilgailuen arteko elkarbizitza egokian sakondu nahi du Tolosako Udalak. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearen ustez, mugikortasun jasangarrian giltzarria da ohiturak aldatzea. «Urteak dira Tolosan Mugikortasun Plana osatu zela, baina azken urteetan, bizikidetza arazo ugari nabaritu ditugu. Hori dela eta, Mugikortasun Ordenantza berri bat lantzeko asmoa dugu».

Bitartean, Tolosako Udalari «funtsezkoa» iruditzen zaio herriko zenbait eremu ondo antolatzea eta oinezkoen, bizikleten, patineteen eta gainerako ibilgailuen arteko bizikidetza bermatzea. «Horretarako, bizikleta edota patinete elektriko ugari ibiltzen diren tokietan eremu partekatuak eta gatazkatsuak zeintzuk diren identifikatu dugu. Esaterako, Araba etorbideko bi zubien parean bi seinale jarri ditugu, garraio horiek erabiltzea galarazteko», azaldu du Martinez de Rituertok.

Badira bestelako puntu zaurgarriagoak ere bai, espazioaren ezaugarriengatik elkarbizitza egitera behartzen dutenak, hala nola, Larramendiko zubia, Trianguloa, Tolosa CF plaza edo Iurre auzoaren eta Iurreamendi pasealekuaren arteko zatia. Kasu horietarako nola jokatu jakiteko gomendioen zerrenda osatu eta arautegi berri bat sortuko du udalak.

Azkenik, ibilgailuen arteko elkarbizitzari buruz kontzientzia pizteko kanpaina abiatu du udalak. Alkateak gogorarazi duenez, Tolosan, ibilgailuak derrigortuta daude gehienez 30 kilometro orduko abiaduran ibiltzera. «Motordun gidariei, kontzientzia izateko eta lasai ibiltzeko deia luzatzen diegu, Tolosa oinezkoen eta mugikortasun jasangarriaren herria izatea nahi dugulako», esan du. Horrez gain, Udaltzaingoak praktika okerrak identifikatu dituen lekuetan seinaleak jarri dituzte, oinezkoentzako bideak direla gogorarazteko. Haurrengan eragitea ere «ezinbestekoa» dela gaineratu du. «Hori dela eta, udaltzainek interbentzioak egingo ditu ikastetxeetan, eta aisialdian eta festa giroan ere egingo da hori, antzerkiaren, zinemaren eta jolasen bidez».

Eskualdeko ekitaldien egitaraua:

  • Altzo
    • Trafiko seinaleen ezagutza. Mugikortasun astean zehar (goizez), trafiko seinaleen ezagutza, herrian zehar. Eskola inguruan eta herrian zehar dauden seinaleak aztertu eta identifikatu, bide batez, hauek adierazten digutena eta hauen garrantzia segurtasunez herritik mugitzeko ezagutuko dute.
    • Denok elkarrekin eskolara. Irailaren 18tik 22ra, Altzoko erdigunean. Mugikortasun jasangarria abiapuntu izanda, goizeko 8:40etan plazatik abiatuko gara eskolarantz parte hartzera animatzen diren guztiekin (irakasle, guraso eta ikasleek), bizikletan, patinetean edota oinez.
    • Mekanika tailerra. Irailaren 25ean, astelehena, arratsaldez, eskolako aterpean. Bizikleten inguruko mekanika tailerra, Gurpilgunearen eskutik.
    • Altzoko hezeguneen inguruko kudeaketa eta dibulgazio ekintza. Herritar orori begirako saioa, irailaren 24ean, igandea, goizean zehar.
  • Amasa-Villabona
    • Mekanika tailerra. Irailaren 27an, asteazkena, goizez, Zubimusu Ikastolan. Bizikleten inguruko mekanika tailerra, Gurpilgunearen eskutik.
    • Panpina zahar, panpina berri. Irailaren 27an, asteazkena, 17:30ean, Kaori Faktorian. 8 eta 10 urte bitarteko gazteei zuzenduta, etxetik eramandako panpina bat birziklatuz, berri bat etxera eramateko aukera. Aurrez eman behar da izena, Kaori Faktorian bertan.
  • Amezketa
    • Mekanika tailerra. Irailaren 29an, ostirala, ikastetxean. Bizikleten inguruko mekanika tailerra, Gurpilgunearen eskutik.
  • Asteasu

    •  Bizikleta tailerra. Irailaren 29an, ostirala, goizez, ikastetxean. 
  • Berastegi
    • Mekanika tailerra. Irailaren 22an, ostirala, goizez, ikastetxean. Bizikleten inguruko mekanika tailerra, Gurpilgunearen eskutik.
  • Irura
    • Lurrari bira egitea ahaztu zitzaionekoa. Irailaren 27an, asteazkena, 18:00etan, haur eskolan. Ipuin-kontalariaren emanaldia 3-9 urteko haurrentzat. Klima aldaketak eragiten dituen arazoen inguruko ipuina. Iraupena: 45 minutu inguru.
    • Ipar poloa salbatzera goaz! Irailaren 27an, asteazkena, 10:00etan, San Migel plazan. Klima-aldaketaren ezagutzan sakontzeko jolas kooperatiboa Irurako ikastolako haurrekin.
  • Ibarra
    • Bizibira. Irailaren 22an, ostirala, 16:45-18:00. Ibarrako San Bartolome plazatik hasita, Tolosa zeharkatu eta Zumardiaundian amaituko da. Ibarrako eta Tolosako udalek antolatuta, bi herrietako ikastetxeak lotuko dituen bizikleta bira egingo da azken urteotako ohiturari jarraiki, Intujai taldeak dinamizatuta, ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatzeko asmoz. Ondoren, festa: bizikleta akrobaziak, zirku eta ponpa tailerrak eta otordua.
  • Tolosa
    • Bigarren eskuko azoka. Irailaren 23an, larunbata, 10:00-13:00, Alondegi plazan. Bizikleta eta materialen salerosketa egingo da eta aurrez utzi ahalko da irailaren 21ean eta 22an, 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatean bertan, 09:00etatik 10:00etara.
    • Mekanika tailerra. Irailaren 26an, asteartea, 17:30-19:30, Trianguloa plazan. Bizikleten inguruko mekanika tailerra, Gurpilgunearen eskutik.
    • Zinezikleta. Irailaren 27an, asteazkena, 18:00-20:00, kultur etxeko areto nagusian (gazteleraz). Pedalez funtzionatzen duen zinema jasangarria da eta bikote batek bi urteko esperientzia kontatuko du, Afrikako kontinenteko 14 herrialde zeharkatu dituzte bizikletaz Madrildik Madagaskarrera pedalei eragiten dien zinema ekipo bat garraiatuz, kultura eta entretenimendua herri horietara hurbiltzeko helburuarekin.
    • Eraldaketarako kontuak antzezlana. Irailaren 29an, ostirala, 17:30-18:15, haur liburutegian. Klima aldaketaren eta energiaren inguruan kontzientziazioa pizteko antzezlana. Itziar Saenz de Ojerren eskutik. Aurrez eman behar da izena liburutegian.
    • Bizikletan ibiltzeko tailerrak. Iraileko azken astean eta urriko lehen asteetan, ikastetxeetan, 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta. Tolosako udaltzainak eskolara hurbilduko dira eta ordubeteko saioan taldearekin herrian zehar ibilbidea egingo dute bizikletaz jokabide egokiak gogorarazi eta sustatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!