Iñaki Diaz Lehendakari Txapelketako txapeldun, 23 urtez azpikoen mailan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 18a, 16:00

Larunbatean jokatu zen Oñatin txapelketako azken lasterketa eta laugarren izan zen Laboral Kutxa Team taldeko txirrindulari tolosarra. Sailkapen nagusian bigarren izan da, eta bere kategorian, onena.

Iñaki Diazek amaiera bikaina eman dio denboraldiari. Lehendakari Txapelketa irabazi du, 23 urtez azpikoen mailan. Asteburuan, Oñatin jokatu zen lasterketan laugarren izan zen txirrindulari tolosarra. Denboraldi honetan, erregulartasun handia izan du: bigarren izan da Leintz-Gatzagan eta Urdulizen, hirugarren Murgian, laugarren Zegaman eta bosgarren Elgoibarren eta Gernikan. Horrez gain, Madrilgo eta Kantabriako Itzulietan lehiatu zen.

Larunbatean Oñatin jokatutako lasterketan, eskualdeko txirrindulari gehiago izan ziren: Laboral Kutxa Team taldeko Iñaki Murua altzotarra eta Unai Zubeldia ibartarra seigarren eta hamabigarren izan ziren, hurrenez hurren, eta Baque Team taldeko Unax Iztueta baliarraindarra hogeigarren helmugaratu zen. 

Lehendakari Txapelketako taldekako sailkapen nagusian, Laboral Kutxa Team taldea izan da onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!