Asuncion klinika

Asuncion Klinikako langileek grebari ekin diote berriro

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 13a, 17:06

Zazpi greba egun egingo dituzte iraila bukaera arte lan hitzarmen berria lortzeko; negoziazioak blokeatuta jarraitzen duela salatu dute langileek.

Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde zazpi greba egun gehiago egingo dituzte Asuncion Klinikako langileek. Atzo hasita, gaur, bihar, eta hilaren 18an, 19an, 28an eta 29an utziko diote lan egiteari. Maiatzean eseri zen azkeneko aldiz hitzarmena negoziatzeko mahaia, eta adostasunik lortu ez zutenez, ekainean hiru eguneko lanuzteak eta 17 eguneko grebak egin zituzten langileek. Protestekin jarraitzea erabaki dute langileek, euren esanetan, «enpresak negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi gabe jarraitzen duelako».

Aurreko astean zuzendaritzatik deia jaso zuten langileek, baina, Aitziber Sagredo ordezkariak adierazi duenez, negoziazioetan ez zuten inolako aurrerapausorik eman, «enpresak ez duelako urratsik ematen egoera desblokeatzeko». 2021etik berritu gabe dute hitzarmena, eta langileek adierazi dutenez, KPIaren igoera kontuan hartuta denbora honetan %12,2an galdu dute eros ahalmena. Sagredoren hitzetan,  galdutako eros ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoera eta 35 orduko lan astea jaso beharko lituzke hitzarmen berriak.

Lehen greba egunean haserre agertu dira langileak Asuncion Klinikan udan bizi izan den egoerarekin. Salatu dutenez oso jende gutxi egon da lanerako. «Zuzendaritzak lan egiteko modu hori onartu du eta lotsagarria iruditzen zaigu», esan du Sagredok. Langileen oporraldiak onartu bai, baina zuzendaritzak haien ordezkorik ez duela izendatu esan dute langileen ordezkariek: «Udan edozein greba egunetan egon daitekeen jende kopurua edo are jende gutxiago egon da lanean. Aldi berean, kirofanoaren jarduerak %100ean jarraitu du. Lan bera egiteko jende gutxiagorekin moldatu behar izan dugu». Inviza enpresako langileek gogoratu dute osasun zerbitzu publikoa eskaintzen dutela, gainerako eskualdeetan Osakidetzak ematen duenaren berdina, baina euren lan baldintzak beste eskualdeetako langile publikoen lan baldintzetatik oso urrun daudela.

Egoerak gain hartu diela onartu dute Asuncion Klinikan aritzen diren langileek: «Ezin dugu erritmo honetan lan egin, oso jende gutxirekin ari gara eta oso nekatuta bukatu dugu uda. Gutako askoren osasun fisiko eta mentala kaltetzen hasita dago eta horrela ezin dugu jarraitu. Norbaitek neurriak hartu beharko ditu, ez baita posible horrela jarraitzea. Salaketa hau egin eta eskaera luzatzen dugu, norbaitek esku har dezan, ezin dugu horrela jarraitu. Gu gaizki baldin bagaude, jendea ez dugu ondo artatuko eta azkenerako kalteturen bat egongo da».

Kalitatezko osasun zerbitzua eskaini nahi dute langileek, baina Sagredok nabarmendu du baldintza hauetan ezinezkoa zaiela: «Guk jendearekin egiten dugu lan, gaixoek arreta behar dute eta baldintza hauetan ez daukagu nahikoa denbora horretarako. Gure lana behar bezala betetzen ari ez garenaren sentsazioak presio handia eragiten digu».

Bilerak erakundeekin

Langileek salatu dute joan den ekainaren 29an LAB eta ELAko enpresa batzordeak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egindako eskaerak ez duela erantzunik jaso. Marian Etxeberria langile ordezkariak esan duenez, legebiltzarreko osasun batzordean agerraldia egiteko eskaera luzatu zuten, alde batetik negoziazioan duten blokeo egoera azaltzeko, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak prestatutako plan funtzionala salatzeko. Etxeberriaren esanetan, plan horrek ez du ospitale berrirako aldarrikatutako eskaera bat bera ere betetzen: «Gure eskaerak ziren %100ean ospitale publikoa izatea, hurbileko eskualdeko ospitale batek ematen dituen zerbitzu guztiak ematea eta ospitale horrek klinikan lan egiten duten langile guztiak hartzea».

Agerraldi hori egiteko erantzunik jaso ez dutenez, hilaren 29an Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren atarian kontzentrazioa egingo dute Asuncion Klinikako langileek. Bestalde, iragarri dutenez, Tolosako Udalarekin astelehenean bilduko dira euren egoeraren berri udal ordezkariei emateko.

Greba egunetarako lan delegaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak beteko dira klinikan. Langile ordezkarien esanetan, «gehiegizkoak» dira: «Udan ikusi dugu, baina bestela ere, urtean zehar, edozein egunetan jende gutxiago aritzen da orain ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuetan baino. Zuzendaritzak askotan ez ditu langileon gaixoaldiak ordezkatzen, edo jende gutxiago jartzea erabakitzen dute. Azkenerako, utzikeria hori langileok ordaintzen dugu, lan bikoitza eginez». 
Gaur eguerdian 24 orduko kanpaldia abiatuko dute langileek klinikaren atarian. Bihar, 12:00etan, elkarretaratze bat eginez amaituko dute kanpaldia. Gainerako greba egunetan ere kontzentrazioak egingo dituzte Asuncionen eta mobilizazioak eskualdeko toki ezberdinetan; irailaren 19an Andoainen bilduko dira, adibidez. Hilaren 28rako kotxe karabana bat iragarri dute eta hurrengo egunean Gasteizera eramango dute protesta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!