Mintzalaguna egitasmoak ikasturte berria abiatu du

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 13a, 11:59

Tolosaldean 100 pertsonak hartzen dute parte eta talde gehiago sortu nahi dituzte; Galtzaundin edota udaletxeetan eman daiteke izena.

Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoak ikasturte berriari ekin dio. Euskara noiznahi eta nonahi praktikatzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei. Lagunartean «modu eraginkorrean eta giro ezin hobean» euskaraz aritzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.

Tolosaldean egitasmoak 30 urte bete ditu eta ia 100 kidek hartzen dute parte, besteak beste, Tolosan, Amasa-Villabonan, Ibarran, Zizurkilen, Anoetan eta Iruran antolatutako taldeetan. Talde gehiago sortzeko borondatea agertu dute egitasmoa babesten duten udaletako ordezkariek eta horretarako izena ematera animatu dituzte bidelari eta bidelagunak. Galtzaundi Euskara Taldean eta Tolosaldeko udaletxe guztietan izango da horretarako aukera.

Astean ordubetez, hizketaldi lasaian biltzen dira bidelagunak eta bidelariak. Noelia Lataburu Irurako euskara zinegotziak bildutako ordezkarien izenean hitz egin du eta esan du bidelariek euskara praktikatzea dutela helburu, «lotsa gaindituz, akatsak egiteari beldurra kenduz, hizkuntza ohiturak aldatuz eta erabileran urratsak emanez». Nabarmendu duenez, bidelagunei, berriz, «euskara praktikatu nahi duen bati laguntzearen pozak betetzen die barrua». Zinegotziaren ustetan asko dira euskarazko oinarri bat izan bai, baina praktikan jartzeko aukerarik ez dutenak. Hain zuzen, hutsune hori betetzeko eta lagun artean euskaraz aritzeko aukera bermatu nahi dute Mintzalagun taldeetan.

EKINTZA OSAGARRIAK

Asteroko hitzorduaz gain, ikasturtean zehar beste ekintza osagarri batzuk ere antolatzen dituzte, Mintzalagunean parte hartzen duten gainerako taldeekin batera. «Urtero eskualdeko herriren batera bisita gidatu bat izaten da. Iaz Amezketara joan ginen, duela bi urte Tolosako Alde Zaharra bisitatu genuen eta egon izan gara Asteasu edota Altzon ere. Gustu handiz bisitatuko ditugu eskualdeko txokoak», esan du Irurako euskara zinegotziak. Eskualdetik kanpora ere atera izan dira eta Durangoko Azokara edota sagardotegira ere antolatu izan dituzte irteerak.

Euskaldunen artean harreman berriak sortu eta indartzeko asmoz antolatzen dute Mintzalaguna egitasmoa. 20 talde inguru sortuta daude Tolosaldean, eta Euskal Herri osoan, ia 8.000 lagun dira parte hartzen dutenak. «Asko gara, eta aurten, nonahi eta noiznahi euskaraz egin nahi dugunak gehiago izateko asmoz gaude», aipatu du Lataburuk.

Mintzalaguna egitasmoan parte hartu nahi dutenek Tolosan Galtzaundi Euskara Taldeak duen egoitzara jo beharko dute. Bestela udaletxe guztietan ere izango da horretarako aukera. «Zalantzarik izanez gero, galdetu lasai eta ez galdu aukera. Udaletako eta Galtzaundiren webguneetan ere informazio gehiago topatuko duzue», esan dute antolatzaileek. Izen emateko deia luzatu dute proiektuaren bultzatzaileek: «Zurekin, noiznahi, nonahi, Mintzalaguna».

AURTEN GURASOLAGUNA AMASA-VILLABONAN

Mintzalaguna egitasmoaren aldaera berri bat jarri dute aurten martxan Amasa-Villabonan. Gurasolaguna izena jarri diote eta Maite Arregi, Amasa-Villabonako euskara teknikariak eman du asmoaren berri: «Gaur egun haurrek kirol eta ikastaro mordo batean ematen dute izena, eta haurrak ekintzetan murgilduta dauden bitartean, gurasoak inguruan izaten dira. Bada, haurrak ekintzetan dauden tarte horiek aprobetxatu nahi ditugu Mintzalaguna talde berriak sortzeko.

Jende berria inguratu nahi dute egitasmora, «izan euskara praktikatu nahi duten gurasoak, izan euskaraz ondo moldatzen diren guraso boluntarioak», esan du Arregik. Kiroldegian, frontoian, kultur etxean zein musika eskolan haurrak uzterakoan mahaiaren bueltan elkartzeko eta euskaraz jarduteko aukera izango dela nabarmendu du euskara teknikariak. Parte hartu nahi dutenek, Amasa-Villabonako Euskara zerbitzuan izango dute informazio gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!