Amaia Agirre Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketako txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 12a, 07:59

Asteasuarrak 'Galerak eta galderak' bertso sortagatik irabazi du helduen mailako lehen saria; gazteen mailan, Aratz Arzelus billabonatarrak bigarren saria eskuratu du, 'Ireki begiak' lanarekin.

Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketak 32. edizioa izan du aurtengoa eta beste urteetan bezala, lan ugari jaso dituzte kategoria bakoitzean. Hiru kategoriatan banatu dituzte sariak: gaztetxoak (13 urtez azpikoak), gazteak (14-18 urte bitartekoak) eta helduak (18 urtetik gorakoak). Guztira 24 lan jaso ditu epaimahaiak.

Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Bertsolari Eskola gelan egin zuten sari banaketa ekitaldia igandean. Helduen mailan, Amaia Agirre asteasuarrak irabazi zuen, Galerak eta galderak lanagatik. Bigarren eta hirugarren sariak Zarautz aldera joan ziren, bigarren saria Beñat Jauregik eta hirugarrena Itziar Unenuek irabazi baitzituzten, Manikia gorpuzten eta Magaletik lanengatik, hurrenez hurren.

Agirrerena ez zen eskualdera etorri zen sari bakarra izan. Gazteen mailan, Aratz Arzelus billabonatarrak bigarren saria eskuratu zuen, Ireki begiak lanarekin. Lehenengo saria Sarako Haira Aizpuruarentzat izan zen, Bakartzaroa sortagatik.

Galerak eta galderak. Amaia Agirre.

Asteasuarraren bertso sortak hainbat gai mamitsu barnebiltzen ditu. Bertso bakoitzak gizarteko arazo bati heltzen dio. Hasteko, etxebizitzaren auziaren irakurketa bat eta etxebizitza eskubidearen aldarrikapena egiten ditu. Ondoren, amatasunaren inguruko hausnarketa bat ageri da, haurra hilda jaiotzearen mina ardatz hartuta. Jarraian, indarkeria matxistaren aurkako bertsoan arazo honen berri ematen du eta ondoren, azken aldian horrenbeste hitz egiten den zaintzaren ikuspegi bat ematen du, «zaintzailea nork zaintzen du?» galdera eginez. Amaitzeko gorputzaren eta elikadura nahasmenduen afera aipatzen du eta bertso sortari itxiera emateko patua zalantzan jartzen du eta ondorengo esaldiarekin borobiltzen du azken bertsoa: «bitartean egin amets». 

Agirrek saria jasotzean aipatu zuenaren arabera, lehiaketan parte hartzeko gonbidapena iritsi zitzaionean ordenagailu aurrean jarri eta «bere momentuan amaitu ez zuen» dokumentu bat aurkitu zuen, bertso baten bukaera bakar bat zeukana idatzita. Hortik tiraka eta «zergatik neri?» galdeari erantzunez hasi eta amaitu gabe utzitako lan hari heldu zion bertso sorta hau osatzeko. Lan honekin eskuratu du lehenengo saria aurtengo Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!