Kontxako Banderaren zati bat ere iritsi da eskualdera

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 10a, 18:32

Xubane Uribarrena eta Ane Sanchez, gaur lortu duten Kontxako Banderarekin.

Donostia Arraun Lagunak traineruak bigarren aldiz irabazi du Kontxako Bandera, eta bertako arraunlariak dira Ane Sanchez anoetarra eta Lizartzan bizi den Xubane Uribarrena.

Gaur zeuden baldintzengatik traineruak segundo gutxitan egongo zirela argi zutela esan dute bi arraunlariek. «Estutu eta estutu egin dugu eta azkenean gurea izan da», esan du Sanchezek. Lehenengo kaletik joateak abantaila eman dien galdetzean, Uribarrenak erantzun du «kale bakoitzak bere gauza onak eta txarrak» dituela: «Uste dut emaitzak erakutsi duela gauza onak aprobetxatzen jakin dugula, txarretan sufritzen jakin dugula, eta azkenean horrek eman digu emaitza».

Aurretik joan dira estropada osoan zehar, baina arraunlariak «astoak bezala, aurrera begira» joan direla azaldu du Sanchezek: «Inori begiratu gabe gure lana egiten joateko esan digu entrenatzaileak eta hori egin dugu. Andrea patroiak erreferentziak eman dizkigu, baina ez duzu guztiz ziur sinisten nola zoazen. Azkenean gure lana egin dugu eta aurretik bukatu dugu».

Orain bi urte irabazi zuten liga eta Kontxako Bandera, eta aurtengoan ere errepikatu dute. «Lehenengoan ez genuen asimilatu zer dimentsio zuen eta zer lortu genuen. Aurreko urtean sufrituta, konturatu ginen biak irabazteak zer lan zeukan», esan du Uribarrenak. «Aurten gehiago baloratu dugu, gehiago borrokatu dugu, eta kontziente izan gara zaila dela, eta zailtasun horretan estropadaz estropada borrokatu dugu eta nahi genituen emaitzak lortu ditugu. Oso zaila da lortzea, eta oraintxe bertan txoratzen eta ametsetan gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!