Ia 4.000 bisitari erregistratu ditu udan Tolosako Turismo Bulegoak

Ataria 2023ko ira. 5a, 19:00

Tolosaldeko nekazaritza-turismoek eta landetxeek azken hamarkadako okupazio daturik onenak izan dituzte. Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etorri badira ere, abuztuan igoera nabarmena izan da Valentziatik etorri diren turisten kopuruan.

Azken urteotako joera jarraituz, ekainetik abuztura bitartean Tolosan izandako bisitarien zifrak gora egin du. 3.897 bisitari izan dira uda honetan eskualdea ezagutzera bertaratu direnak. Turismo sektorearentzat uda baikorra izan da datuen arabera, lotoki eta jatetxeentzat batez ere.

Tolosaldeko nekazaritza-turismoek eta landetxeek azken hamarkadako okupazio daturik hoberenak izan zituzten iaz, eta aurtengoak are hobeak izan dira; uztailean, batez besteko %62ko okupazioa izan da, eta %80koa abuztuan. Hotel eta ostatuek aurreko urteko okupazio tasa bera izan dute uztailean: %74koa, baina lehen seihilekoan hilabetero hobetu dituzte okupazio tasak.

Okupazio tasak desestazionalizaziorako joera agertu du 2023an; iazko datuekin alderatuta, ia hilabetero bisitarien hazkundea erregistratu dute. Turismoa urte osora hedatzeko helburura gerturatzen ari da eskualdea, nahiz eta uztailean eta abuztuan eskuratu diren zifrarik altuenak.

Gehienak, ohikoenak

Tolosaldeko turismo bulegoan nahiz Txindokiko Itzala eremuko informazio puntuan jasotako informazioaren arabera, aurreko urtearekin alderatuta, uztailean, bertako, espainiar estatuko eta atzerriko bisitari gehiago izan dira.

Uztailean, 1.116 bisitari izan dira guztira gurean, gehienak espainiar estatukoak. Bestalde, abuztuan, 1.987 izan dira, hauek ere gehienbat estatukoak, atzerritarrak eta gipuzkoarrak gutxiago izan direlarik.

Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etorri badira ere, abuztuan igoera nabarmena izan da Valentziatik etorri diren turisten kopuruan. Eskualdea bisitatzeko aukeraren inguruan galdetuta, aitortu dute klimatologiak erakarrita aukeratu dutela. Atzerritik etorritako turisten kasuan, Frantziatik etorri dira gehienak aurtengoan ere, eta aurreko urtearekin alderatuta, gora egin dute udako bi hilabeteetan.

Bisita gidatuak eta audiogidak

Turista-fluxu horren isla zuzena izan da turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatuek izan duten harrera: uztailaren erdialdetik hasi eta abuztu bukaera bitartean, 238 parte hartzaile izan dira Tolosako Azoka, Alde Zaharra eta Andre Maria eliza ezagutzeko eskaini diren bisita gidatuetan; bereziki uztailean nabaritu da parte-hartzaileen igoera. Burututako inkesten arabera, gainera, 4,87koa izan da bisita gidatuen asebetetze maila (0tik 5era).

Bertatik bertara egiten diren bisita horiez gain, ordea, beste hainbat lagunek (250) egin dituzte bisita gidatuak audiogidak erabiliz. Guztira, 1.713 erreprodukzio izan dituzte. Audiogida horiek, Tolosako eta inguruko tokiez gain, bertako historia eta kultura ezagutarazteko 18 proposamen jasotzen dituzte, eta baita burutzeko jarduera posibleak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!