Elkarrizketa

«Esperimentatzeko laborategi interesgarria izan daiteke Tolosaldea»

Irati Saizar Artola 2023ko ira. 6a, 07:59

Joan den maiatzean egindako urteko bilkura nagusian aurkeztu zuen zuzendaritza berria Galtzaundi Euskara Taldeak; taldea martxa hartuta ari dela lanean aitortu du Manex Urruzola lehendakari berriak.

Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakari berria da Manex Urruzola Arrate (Tolosa, 1981). Kike Amonarrizen lekukoa hartu du eta «ilusioz eta gogoz» ekin dio euskararen normalizazioan ekiteko erronkari.

Zuzendaritza taldean sartzerako, bazenuen harremana Galtzaundirekin?

Galtzaundiko bazkidea naiz aspalditik. Noizean behin kolaboratzea ere tokatu izan zait, banuen harremana.

Nola iritsi zitzaizun lehendakari izateko proposamena?

Lau urtez Kike Amonarriz izan da lehendakaria eta bera etorri zitzaidan proposamenarekin. Zaila da Amonarrizi ezetz esatea, are zailagoa bera ordezkatu daitekeela sinestea. Nahiko lasai eman dut baiezkoa, asko erraztu dizkidatelako gauzak, nola Amonarrizek, hala lantaldeak. Trantsizioa oso interesgarria eta atsegina izaten ari da.

Asko pentsatu zenuen?

Asteburu bat utz ziezadala eskatu nion. Galtzaundin bertan baditut asko estimatzen ditudan pare bat lagun, eta Amonarrizekin hartu nuen kafeaz gain, beste lagun parearekin kafe bana hartu nuen eta denek animatu ninduten.

Amonarriz ordezkatzea lan erraza izango da?

Berak gauzak oso ondo egiten ditu eta horretan ere eredu izan da. Asko ari zait laguntzen trantsizioan eta nahiz eta lehendakaria ez izan, hor jarraituko du ondoan, luxua da.

Zein da Galtzaundiko lehendakariaren egitekoa?

Galtzaundi eskualdeko euskaltzaleen elkargunea da, Tolosaldean euskara normalizatzea helburu duena. Proiektu erabat kolektiboa da eta osagai ezin hobeak ditu bere jarduera arrakasta osoz aurrera eramateko, lehendakaria hala moduzkoa izanda ere. 500 bazkide ditu eta beste hainbeste lortzeko anbizioa daukagu. Momentuan, bost pertsona ditu liberatuta, lantalde motibatu eta eraginkorra osatuz. Zuzendaritza konprometitua eta boluntario talde eraginkorra du. Lehendakariaren figura 500 bazkide horien ordezkaritza izatea da.

Bilerak izango dituzue, aldizka.

Bi astean behin biltzen gara. Hilean behin, zuzendaritza bilera izaten dugu, eta hilean beste behin kudeaketa taldearen bilera. Gero, unean-unean tokatzen diren bestelako bilerak izaten ditugu.

Zuzendaritza taldeko zenbait kide ere berriak dira. Martxa hartu duzue?

Erdiak izango dira berriak, beste batzuk jarraitu egin dute. Oreka bat bilatzen saiatzen gara beti. Asko ari gara ikasten, prozesu interesgarri batean eta martxan gaude, bai.

Ikasturte berria nola aurreikusi duzue?

2026 arteko plan estrategiko bat landuta dago Galtzaundin, bere garaian, hainbat eragilerekin elkarlanean garatu zena. Urte osorako hainbat arlotan ekintza mordo bat daude planifikatuta. Plangintza mardula dago aurreikusita eta ekintza horiek aurrera eramateko asmoarekin ari gara.

Nolako Tolosaldea nahiko zenuke, euskarari dagokionez, hemendik urte batzuetara?

Euskararen normalizazioan, etorkizunean gauza berriak esperimentatzeko laborategi interesgarria izan daiteke Tolosaldea. Kasu oso interesgarriak gertatu dira: alde batetik, handienak eta erdaldunenak izan diren herrietan euskararen kale erabilerak gora egin du, eta horrekin batera gertatu da txikienak eta euskaldunenak izan diren herrietan kale erabilerak pixka bat behera egin izana. Perspektiba pixka bat hartuta, ordea, gaur gaurkoz, Tolosaldeko herri guzti-guztietan euskararen kale erabilera %50etik gorakoa da. Badakigu gauza asko daudela hobetzeko, baina, aldi berean, datu historikoa ere bada.

Baikor begiratzen diozu panoramari?

Tolosaldea da Euskal Herriko hiru eskualde euskaldunenetako bat, Lea Artibai eta Urola Kostarekin batera, eta Euskal Herriko eskualde euskaldunenetan batez beste kale erabilerak gora egin duen eskualde bakarra da gurea. Horrek esan nahi du Tolosaldean zerbait ondo egin dela azken urteetan, eta horrek, datozen urteei begira, euskararen normalizazioan esperimentu oso interesgarriak planteatzeko abagune ezin hobe batean kokatzen gaitu.

Datu hobeak etor daitezen esperantzarekin zaudete?

Galtzaundiren helburua eskualderako bada eragile desberdinekin elkarlanean, euskararen erabileran ikuspegi estrategikoarekin lan egitea, eta elkarrekin batera asmo handiko helburuak jartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!