Tolosaldeko euskaltegietan izena emateko epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 5a, 18:00

Eskualdeko hamar herritan euskara ikasteko ikastaroak antolatu dituzte Aitzol Udal Euskaltegiak eta AEK-k, euskarak merezi duela eta «ateak irekitzen dituela» iritzita.

Irailarekin batera dator ikasturte berria, eta Tolosaldeko euskaltegiak prest daude hasiera emateko. Aitzol Udal Euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k euskara ikasteko zenbait ikastaro jarri dituzte martxan, eta dagoeneko biek matrikulazio epea zabalik dute.

Ikasturte honetan eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera; Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Diana de Castro Tolosaldeko AEK-ko zuzendariak jakinarazi bezala, euskara ikasteko aukera herrian bertan izango ez dutenek ere, herritik gehienez hamar minutura izango dute. «Antolaketa hori adostu dugu herri guztietan euskara ikasteko taldeak osatzea zaila dela ikusita, eskualdean zehar eskaintza osoa bermatu dadin eta euskara ikasi nahi eta herrian aukerarik ez dutenentzat».

De Castrok aipatu duenez, eskualdeko biztanleen %14 da erdalduna gaur egun, eta bereziki herritar horiei zuzendu zaie gaur, Ibarran euskaltegietako ordezkariek egin duten agerraldian, udal ordezkari, euskara irakasle, euskara teknikari eta euskalgintzako eragileekin batera. «Euskara ikasteak baliagarri izan behar du Tolosaldean bizitzeko, balio behar du bertan ikasi edota lan egiteko, baita aisialdian jolasteko ere. Euskarak izan behar du harrera hizkuntza Tolosaldeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza», gehitu du.

Horregatik, A1 mailatik C2ra arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegietan, hau da, euskara oinarri oinarritik hasita goi mailaraino ikasteko eta lantzeko aukera izango da. Ainara Arakama Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «klaseak herrietan jasotzeko aukeraz gain, bertaratu ezin direnek autoikaskuntza bidez ikasteko aukera ere izango dute, ikasketa metodo ez-presentzialari esker».

16 urtetik gorako edonork eman dezake izena bi euskaltegietan; kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, euskara hobetu nahi duten herritarrek, merkataritza edota ostalaritzako langileek.

Horretarako, diru laguntzak izango direla aipatu du Arakamak: «Tolosaldeko udalek esfortzu handia egiten dute aipatutako ikastaroak diruz laguntzeko, beti ere udalek edota Jaurlaritzak jarritako baldintzak betez gero. Kasu batzuetan, ikastaroen %100 ere ordaintzen zaie ikasleei, lortutako helburuen edota baldintza batzuen arabera». Diru laguntzen inguruko informazio eskuratzeko norbere herriko udalarekin harremanetan jarri behar da.

Aitzol Udal Euskaltegia

Aitzol Udal Euskaltegiaren izaera publikoa eta guztiontzat irekia azpimarratu du Arakamak, eta Tolosako Udalak zerbitzu horri eusten egiten duen ahalegina eskertu du. «Azken urteotan ikasturteko 200dik gora ikasleri beren euskararen bidean laguntzeko aukera izan dugu, eta aurten ere zeregin horretan sakontzen jarraitu nahi dugu».

Halaber, esan du konbentzituta daudela euskarak ateak zabaltzen dituela eta merezi duela bidaia horretan parte hartzea, kanpainaren aurtengo leloak dioen moduan: Euskara, bidaia harrigarria; euskara harrigarria!.

Horregatik, hizkuntza eskakizun agiri ofiziala lortu nahi duen edonor ere joan daiteke Aitzol Udal Euskaltegira, A1etik hasi eta C2 mailara bitartean. Horretaz gain, erabileran indarra jartzeko asmoz, aurten ere mintza taldeak antolatuko dituzte B1etik gorako ikasleentzat. Talde horietan herritarrek beren hizketako gaitasuna lantzeko aukera izango dute irakasle baten gidaritzapean. Maila eta beharren arabera, astean 10, 8, 6 eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskainiko dituzte goizean goiz hasi eta iluntzera arte Tolosan.

Matrikulazio epea irailaren 21era arte izango da zabalik, goizez 09:00tatik 13:00ak arte, eta arratsaldez 16:00tatik 19:30ak arte. Informazio gehiago jaso nahi duten herritarrek aitzolue@tolosa.eus helbidera idatzita edo 943 65 10 06 telefono zenbakira deituta lortu dezakete.

Tolosaldeko AEK

Euskal Herrian 100 euskaltegi baino gehiago ditu martxan AEK-k, helduen euskalduntze eta alfabetatzea bultzatzea helburu, eta tartean dira Tolosaldeko ikastaroak. De Castrok jakinarazi du, AEK-n ere abian dela matrikulazio kanpaina: «Tolosaldeko herritarrek euskara ikasteko aukera bertatik bertara izan dezaten nahi dugu, eta matrikulazio aldi honetan AEK-ko irakasleok horrelaxe egon nahi dugu haiengandik, gertu, euskara hurbil izanda, urrun heltzeko aukera izan dezaten. Horixe da, hain justu, aurtengo kanpainaren leloa: Euskara hurbil, zu urrun heltzeko».

Bestalde, urtero moduan, ikasturte honetan ere Korrika eskualdeko kaleak zeharkatzen izango dela gogoratu du zuzendariak, «euskara jendearengana hurbiltzeko xedez».

AEK-k eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko epea irailaren 20ra arte izango da zabalik, eta horretarako andoain@aek.eus helbidera idatzi edo 943 59 17 04 telefono zenbakira deitu behar da.

 

TOLOSALDEKO ESKAINTZA PRESENTZIALA

HASTAPEN-MAILA

Ez daki ezer esaten euskaraz edo hitz gutxi batzuk bakarrik, eta ez du izan inolako harremanik euskararekin edo harreman mugatua bakarrik izan du.

ALEGIA: al.-az. | 09:00-11:30. (AISA)

ANOETA: ar.-og. | 15:00-17:00. (AISA)

ASTEASU: al.-az. | 18:30-20:30. (AISA)

IBARRA: al.-az. | 09:30-11:30. (AISA)

IBARRA: ar.-og. | 14:30-16:30. (AISA)

IKAZTEGIETA: ar.-og. | 09:00-11:30. (AISA)

IRURA: az.-or. | 14:30-16:30. (AISA)

LIZARTZA: az.-or. | 09:30-11:30. (AISA)

TOLOSA: al.-og. | 09:00-11:30. (A0)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 15:30-18:10. (A0)

VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-11:30. (AISA)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00. (AISA)

*Aisa: Kanpoko jatorria duten herritarrentzako harrera ikastaroa.

OINARRIZKO MAILA

Gai da euskarazko eguneroko esamoldeak eta maiz erabiltzen diren esaldi errazak ulertu edota erabiltzeko.

ALEGIA: al.-az. | 18:00-20:30. (A1 eta A2)

ANOETA:  az.-or. | 09:30-12:00. (A1 eta A2)

IRURA: ar.-og. | 16:00-18:30. (A2)

TOLOSA: al.-og. | 09:00-11:30. (A1)

TOLOSA:  al.-ar.-og. | 15:45-18:25. (A1)

TOLOSA: al.-og. | 09:00-11:30. (A2)

TOLOSA: al.-ar.-az. | 16:00-18:40. (A2)

VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (A1 eta A2)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00. (A2)

ERDI-MAILA

Euskaraz komunikatzeko gai da eta testuen puntu nagusiak ulertzen ditu.

ALEGIA: ar.-og. | 18:00-20:30. (B1)

IRURA: ar.-og. | 16:00-18:30. (B1)

IBARRA: ar.-og. | 18:00-20:30. (B1)

TOLOSA: al.-ar.-az. | 09:00-11:40. (B1)

TOLOSA: al.-ar.-az. | 16:00-18:40. (B1)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 09:00-11:40. (B2)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 16:00-18:40. (B2)

TOLOSA: ar.-og. | 09:30-11:00. (Mintzataldea)

TOLOSA: al.-az. | 15:00-16:30. (Mintzataldea)

VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (B2)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00. (B1)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (B1 eta B2)

GOI-MAILA

Badaki modu erraz eta naturalean hitz egiten, eta euskara malgua eta eraginkorra erabil dezake helburu akademiko, sozial eta profesionaletarako.

TOLOSA: ar.-og. | 09:00-11:30. (C1)

TOLOSA: ar.-og. | 16:00-18:30. (C1)

TOLOSA: al.-az. | 08:00-11:00. (C2)

TOLOSA: al.-az. | 15:30-18:30. (C2)

TOLOSA: al.-az. | 09:30-12:00. (Mintzataldea)

TOLOSA: al.-az. | 15:30-18:00. (Mintzataldea)

VILLABONA: al.-az.-og. | 09:30-12:00. (C1)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!