Nahia Garrido, Munduko Junior Txapelketan

Ataria 2023ko ira. 5a, 15:00

Nahia Garridok Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen uztailean, Europako Junior Txapelketan, Belgraden.

Tolosaldea IKTko igerilari urretxuarra Munduko Junior Txapelketan parte hartzen ari da, Israelen. Atzo hasi zen txapelketa, eta Garridok dagoeneko parte hartu du lehen proban, 100 metro bizkarrean hain justu.

Garrido 17. marka onenarekin iritsi da txapelketara proba horretan eta atzo goizean egindako sailkapen proban 13. denbora onena egin zuen, 1.02,66 eginez, eta finalerdietara igaroz. Atzo arratsaldean bertan izan zuen proba eta berak lehen finalerdian parte hartu zuen, seigarren amaituz 1.02,38ko denborarekin. Horrek ez dio balio izan finalera pasatzeko, baina gertu ibili da. Bi finalerdiak kontuan hartuta 11. denbora onena egin zuen Tolosaldea IKTko igerilariak.

Beste bi probetan ariko da parte hartzen Garrido. Bihar izango du 200 metro bizkarreko proba, eta txapelketara 8. denbora onenarekin iritsi da. Goizean sailkapen proba izango da eta aurrera egiten badu arratsaldean bertan finala izango du.

Bestea 50 metro bizkar proba izango da. Kasu honetan, 31. markarekin iristen da Garrido. Goizean sailkapen proba izango du eta aurrera eginez gero, arratsaldean finalerdiak izango dira. Finala ostiral arratsaldean izango luke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!