Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa abian jarriko da gaur

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 1a, 11:57
Iazko txapelketan parte hartu zuten Gipuzkoako bi taldeak. Aurtengoan ere hainbatek parte hartuko dute.

Gipuzkoak bi talde aterako ditu, eta horietako bat, Gipuzkoa 1 izenekoa, eskualdeko pilotariz osatutako da.

Gipuzkoa 1 taldean zazpi pilotari daude eta horietako sei Larraulen bizi dira: Iñaki Esnal, Iraitz Irazu, Xuban Irazu, Andoni Urbieta, Ibai Urbieta eta Jon Urbieta. Bestea, Xabier Urbieta, Berrobin bizi da.

Guztira Euskal Herriko zortzi taldek parte hartuko dute, bi multzotan banatuta. A multzoan, Gipuzkoa 1, Bizkaia 2, Iparralde 1-Itsasu (Lapurdi) eta Iparralde 3-Senpere (Lapurdi) daude, eta B multzoan, Gipuzkoa 2, Bizkaia 1, Iparralde 2-Milafranga (Lapurdi) eta Iparralde 4-Amikuze (Nafarroa Beherea).

Lehenik, ligaxka jokatuko dute multzo bakoitzean, irailaren 3tik 17ra bitarteko asteburuetan. Lehendabiziko jardunaldian etxean jokatuko dute gipuzkoarrek, Oiartzunen hain justu, gaur bertan, 18:00etatik aurrera: Gipuzkoa 1 Bizkaia 2 taldearen aurka eta Gipuzkoa 2k Iparralde 2-Milafranga taldearen kontra. Bigarrengoan Iparraldera joatea tokatuko zaie biei, Iparralde 3-Senpere eta Iparralde 4-Amikutze taldeen aurka jokatzeko, hurrenez hurren. Eta ligaxkako azken jardunaldian Gipuzkoa 1ek Iparraldera joan beharko du berriro, Iparralde 1-Itsasu taldearen kontra indarrak neurtzera, eta Gipuzkoa 2k Bizkaira egingo du bidaia, Bizkaia 1 taldearekin lehiatzeko. 

Ligaxka bukatuta, multzo bakoitzean lehen bi postuetan sailkatutako taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, partida bakarrera (A1 vs B2 eta B1 vs A2), irailaren 24ko asteburuan (eguraldiak txapelketa aurreikusi bezala joatea oztopatzen ez badu, behintzat). Finala, azkenik, urriaren 8ko asteburuan jokatzea espero da.

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago. Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!