Agur festa, haur sahararrak agurtzeko

Irati Saizar Artola 2023ko abu. 24a, 07:59

Bihar arratsaldean agur festa egingo dute Tolosako Zerkausian, Oporrak Bakean programan parte hartu duten haurrak agurtzeko; zortzi haurrek pasa dute uda Tolosaldean.

Errefuxiatuen kanpamentuetatik etorritako zortzi haur sahararrek uda pasa dute eskualdean. Egonaldia amaitzen ari zaie ordea, eta agur festa antolatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak biharko.

Tolosako Zerkausian, haur jolasak egingo dituzte 17:00etan hasita, eta ekitaldia 19:30ean izango da. Ondoren, herri sahararren aldeko aldarrikapena egingo dute Tolosako kaleetan, eta afaltzeko elkartuko dira 20:30ean, Zerkausian bertan. Bakoitzak bere afaria eta edaria etxetik eramateko eskatu dute. Festarekin amaitzeko, musika sahararra izango dute, 21:30etik aurrera.

Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko koordinatzaileak esan duenez, esperientzia «oso positiboa» izan da, «bere gauza on eta txarrekin». «Haurrei aukera ematen zaie kanpamentuetatik ateratzeko, medikuetatik pasatzeko eta ondo elikatzeko».

Haur batzuk lehen aldiz atera dira errefuxiatuen kanpamenduetatik eta beste batzuk errepikatu egin dute esperientzia. «Egokitzapenean nabaritu da hori; esperientzia errepikatu duten batzuk familia berdinetara etorri dira eta oso ondo egokitu dira, uda atsegina pasatu dute. Iaz hemen egon eta familiaz aldatu direnak ere ondo moldatu dira, familia berriko girora egokituta; eta lehen aldiz etorri direnei pixka bat gehiago kosta zaie, hizkuntzagatik, ohituragatik, baina ederki ibili dira, oso sentsazio onak izan dituzte», kontatu du.

Azken egunak gertu dituzte, eta haurrak «urduri» daudela dio, «maletak egin behar dituztelako, hegaldia hartu behar dutelako...». Momentu gazi-gozoak direla dio: «Gozo, haurrak joateko gogoz daudelako, eta gazi, badakigulako nora doazen, ez doazelako beraien lurraldera, baizik eta errefuxiatuen kanpamentuetara doaz bueltan, eta nahiz eta gurasoen ondora itzuli, badakigu nolako egoera daukaten han».

Bestelako uda bat

Gelditu gabe, han eta hemen ibili dira haurrak beraien familiekin. «Haur batzuk beraien harrera familiekin oporretara joan dira, eta Tolosaldean geratu direnak astean bi aldiz elkartu gara, ekintza ezberdinak egiteko». 

Elkartetik agur festa aprobetxatu nahi dute harrera familiei eskerrak emateko. «Beraiek gabe, ezinezkoa litzateke Oporrak Bakean programa aurrera eramatea; udalei ere eskertu nahi genieke, emandako laguntzagatik».

«Azkena izan dadila», horixe da Tolosaldea Sahararekin elkarteak beti aldarrikatzen duen leloa. «Hau guztia arazo politikoa da, eta arazo politiko hori era politikoan konpondu behar da, eta beraien lurraldera itzultzeko pausoak eman behar dira». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!