«Pilotekin dagoen arazoa, enpresen errua da»

Endika Apalategi Labayen 2023ko abuztuaren 8a

Luis Galarraga pilota aditua.

Luis Galarragak, pasaden igandean Jokin Altunak piloten inguruan egin zituen adierazpenekin bat egin, eta pilotekin dagoen arazoari konponbidea ematea, enpresen esku dagoela adierazi du.

Urteak joan eta urteak etorri, pilotaren munduan, materialarekiko polemika beti egon ohi izan dela aipatu du Galarragak. «Nire iritziz, materialarekin dagoen arazoa ez du pilotak lantzen dituenak sortzen, enpresek baizik. Azken finean, enpresak esandako pilotak egiten ditu pilotak lantzen dituenak».

Garai batean, 800 pilotakadatik gorako partida asko ikusten omen ziren baina, gaur egungo materialarekin alderatuta, «pilota oso ezberdinak» zirela esan du Galarragak. «Garai hartako materiala oso lasaia zen, eta neurrietan ere ezberdinak ziren gaur egungoekin alderatuta. Orain berriz, materiala asko azkartu da, eta joko azkarra eta ikuskizun handiko partidak egitea da enpresen eta telebistaren nahia».

Pilota azkar hauekin, pilotakada askoko eta esfortzu fisiko handia eskatzen duten partidak egitera behartuta daudela adierazi du Galarragak. «Altuna III.ak pasaden igandean egin zituen adierazpenekin bat nator. Materiala partidak hasi eta berehala gastatzen joaten da, eta pilotariei tantoa egitea gehiago kostatzen zaie. Altunaren kasuan, kontuan izan da udan partida gehien jokatu dituen pilotaria dela, uda oso gogorra egiten ari zaio fisikoki».

Materialaren bueltan sortu den polemikari konponbidea ematea, «enpresen esku» dagoela dio Galarragak.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!