John Cabang irurarrak zilarrezko domina lortu du Espainiako Absolutu Mailako Atletismo Txapelketan

Ataria 2023ko abuztuaren 1a

Tolosaldeko bost atletek hartu dute parte asteburuan Valentzian jokatu den txapelketan. Horietatik bi Tolosa Atletismo Taldeko kideak izan dira.

Tolosako taldetik azaldu dutenez, «emaitza onak izan dira». Aitor Zabala entrenatzailearen bi hesilari izan dira Espainiako txapelketan. Iratxe Martinek denboraldi bikaina egin du eta. 9. izan da 400 hesietako frogan, 59,81eko marka eginaz. Finala 9 ehunenekora geratu zaio. Bestalde, Tolosa Atletismo Taldetik azaldu dutenez, Ainhoa Gibelalde ere txukun aritu da lehian, 14,55eko marka lortuz 100 metro hesietan. «Meritu haundiko emaitzak dira, txapelketa honetan parte hartzea oso zaila dela kontutan izanik», esan dute Tolosako taldetik.
 
Eskualdeko beste hiru atleta
 
  • John Cabang Realeko atletak 110 metro hesietan parte hartu du. Irurarrak bigarren postua eskuratzeaz gain, bere marka pertsonala hobetu du, 13,53an utziz. Urrea Enrique Llopisek irabazi du 13,40ko denborarekin.
  • Ander Martinez De Rituerto Realeko kideak, pertika jauzian zazpigarren postuan amaitu du. Tolosarrak 5.02ko jauzia egitea lortu du. Aleix Pi txapeldunaren marka 5.52koa izan da.
  • Maria Lasak 800 metrotan parte hartu du. Atletico San Sebastian taldeko korrikalariak finalerdiak seigarren postuan amaitu ditu, 2.10,65eko denborarekin. Irurarrak, beraz, ez du finalerako sailkapena lortu.
 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!