Iritsi dira abuztuko zitak

Endika Apalategi Labayen 2023ko uzt. 28a, 09:02

Iritsi dira. Abuztuko oporrak amaitzen diren unetik, egoten gara momentu honen zain. Itxaronaldia luze joan bada ere, 2023ko abuztuan egingo diren Tolosaldeko jaiak ate joka ditugu. Aspertzeko aitzakiarik ez dute izango Tolosaldeko herritarrek udako oporretan; izan ere, abuztua bete-betea dator. Altzon uztailaren 28an hasiko diren San Inazio jaietatik hasi eta Berrobin abuztuaren 28an amaituko diren San Agustin jaiak bitarte, festaz festa ibiltzeko aukera paregabea izango dugu eskualdeko herri guztietan zehar.

Tolosaldeko hamasei herri arduratuko dira abuztuko egutegia koloreztatzeaz, eta herri bakoitzeko festa batzordeko kideek, sekulako lana egin dute aurten ere hau dena posible izan dadin. Festa guztietan, denetik eta denentzat prestatutako hitzorduak izango dira protagonista. Herri gehienek, urte luzez egitarauan egon diren hitzorduak mantentzearen aldeko apustua egin dute, baina bada berrikuntzaren alde apustu egin duenik ere.

«Festa guztietan, denetik eta denentzat prestatutako hitzorduak izango dira protagonista»

Festei hasiera ematearekin batera, bueltan izango ditugu hainbeste zirraratzen gaituzten erromeri talde eta trikitilariak. Goizeko ordu txikiak arte dantza, barre eta kontutan aritzeko uneak izango dira. Lagunekin bazkaldu, afaldu eta edanean ibiltzeko uneak ez dira faltako. Bueltan izango dira askorentzat parranda osteko ajeak ere, baina ez dago zalantzarik herriko jaiak denoi ilusioa eta poza eragiten diguten uneak direla.

Tolosaldeko herri guztiek bueltan nahi ez dituztenak ordea, erasotzaileak dira. Gizarte honen helburu nagusietako bat da erasorik gabeko festak ospatzea, eta helburu hori lortzeko asmotan, Tolosaldeko hainbat herri indarkeriaren aurkako formakuntzak jasotzen ibili dira, eta herritar guztien eskura egon beharreko hitzaldiak direla azpimarratu dute denek.

Festekin batera, poza, umore ona, elkartasunean egoteko, parranda egiteko, eta ondo pasatzeko uneak etorriko dira. Jendea gogotsu dago eskualdeko jaien maratoiari ekiteko, baina ez dezagun ahaztu, festak ondo joateko ezinbestekoa dela jai giro onean ibiltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!