Kutxazainak erabilgarri berriro

Ataria 2023ko uztailaren 27a

Bidanian dagoen kutxazaina erabiltzeko moduan dago.

Berrobin eta Bidania-Goiatzen hilabete ugari egon dira herritarrak kutxazainik gabe; udalek eginiko eskariari erantzunez, zerbitzua erabilgarri dago berriro.

Ia bi urte egin dituzte berrobitarrek kutxazainik gabe. 2021eko udan lapurreta egin zuten herrian zegoen kutxazain bakarrean, eta ordutik konpondu gabe egon da. Izan ere, Kutxabankek udalari eskatu zion konponketako gastuak bere gain har zitzala eta mantenuko gastuak ere udalak ordaintzea nahi zuen.

Bidania-Goiatzen ere antzekoa izan da egoera. Han ere, lapurreta baten ondorioz geratu zen zerbitzutik kanpo 2021 urte amaieran, eta horrela egon da gutxira arte. Kasu hartan ere Kutxabankena da kutxazaina, eta udalari eskaera berdina egin zion, hau da, konponketa eta mantenua bere gain hartzeko.

Bada, bi kasuetan aurreko legealdian zehar entitatearekin negoziatu ondoren, berriki martxan jarri dituzte kutxazainak, eta zerbitzua erabilgarri dute herritarrek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!