Munduko txirrindulari onenak berriro itzuliko dira eskualdera

Ataria 2023ko uzt. 26a, 07:58

Donostiako Klasika Bidania-Goiaztik iritsiko da Tolosaldera. Tolosako Udalak jakinarazi duenez trafikoan etenak izango dira. Autobus zerbitzuei ere eragingo die klasikak.

Munduko txirrindularirik onenak 12:30ak inguruan iritsiko dira larunbatean eskualdera. Bidania-Goiaztik barrena jaitsiko dira Tolosara. Ondoren, Anoetatik Alkizara joango dira, 13:00ak inguruan. Bertatik Asteasura jaitsiko dira, eta Zizurkil eta Aduna zeharkatuz, agur esango diote Tolosaldeari. 

Tolosako Udalak azaldu duenez, egun horretan trafiko etenak egongo dira. Rondilla kalea itxita egongo da trafikoarentzat 12:00etatik 14:00ak arte. Udaltzaingoak ibilbide guztian kotxeak ez aparkatzeko eskaera luzatu du. Bestalde, hiribusak ondorengo geldiuneak egingo ditu: Zumarditxikia, Kondeaneko Aldapa, Iurre biribilgunea, Iurreamendi, Kiroldegia, Usabal industrialdea, Amarotz, San Blas, Bizkai kalea, Kondeaneko Aldapa, Asuntzion Klinika eta Zumarditxikia berriro ere.

Tolosa-Donostia bidea egiten duten autobusek, Arriaran biribilgunean geralekua egin ondoren, autobidetik eta suhiltzaileen biribilgunetik barrena zezen plazara iritsiko dira eta hauek izango dira geralekuak: zezen plaza, Nafarroa etorbidea, Jon Andoni Irazusta (biala) eta Larramendiko 6 zenbaki parean.

Tolosaldea zerbitzuko autobusek ere geltokiak aldatuko dituzte: Rondillako geltokia Santa Klarara lekualdatuko da eta San Frantzisko ibiltokiko zein Araba etorbideko eta Bentaundiko geltokiak kendu egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!