Elkarretaratzeak egingo dituzte asteazkenean, azken lan istripua salatzeko

Ataria 2023ko uztailaren 24a

Ostiralean 33 urteko langile tolosarra hil zen makina batek harrapatuta Gasteizen; LAB sindikatuak Asteasuko Bost enpresaren aurrean protesta egingo du 12:00etan. Arratsaldean, herritar talde batek deituta, mobilizazioa izango da Trianguloan.

Iragan ostiralean 33 urteko langile tolosar bat hil zen Gasteizen, makina batek harrapatuta. Istripua 12:00ak aldera gertatu zen Gasteizko Betoñuko industrialdeko enpresa batean. Larrialdi zerbitzuak lantegira bertaratu ziren, baina istripua jazotako lekuan hil zen langile tolosarra.

LAB sindikatutik zehaztu dutenez, Bost enpresako langilea zen, eta Gasteizko Talleres Aratz lantegian lanean ari zela gertatu zen istripua. Sindikatutik esan dutenez, aurten dagoeneko 32 pertsona hil dira lan istripuz. Bada, egoera salatzeko asteazkenean bi mobilizazio egingo dituzte. Batetik,  LABek deituta, 12:00etan Asteasun kokatutako Bost enpresaren atarian elkartuko dira. Bestetik, herritar talde batek deituta, Tolosako Trianguloa plazan egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!