Danok Danenako pultsulariak lehen hiru postuetan Euskadiko Junior Txapelketan

Ataria 2023ko uzt. 21a, 11:58

Euskadiko Junior Txapelketako lehen postuetan geratu diren hiru pultsulariak, eserita eta ezkerretik hasita: Jon Kepa Kortajarena, Eki Lizaso eta Ekain Dominguez. Zutik, Ekaitz Kortajarena entrenatzailea.

Orain gutxi egin da halterofilia txapelketa eta Eki Lizaso izan da txapelduna, Jon Kepa Kortajarena bigarren eta Ekain Dominguez hirugarren.

Basaurin (Bizkaian)  jokatu zen Euskadiko Junior Txapelketa, uztailaren 8an, eta Danok Danena taldeko hiru pultsulari joan ziren eta sekulako emaitzak lortu zituzten. Gainera, Gipuzkoa izan zen taldeka txapelduna, eta Danok Danekoak herrialdeko selekzioan parte hartu dute.
 
Bestalde, ekainaren 24an, Irungo Urantzu frontoian, Gipuzkoako Senior eta Master Txapelketa izan zen jokoan. Beste behin emaitza ezin hobeak lortu dituzten eskualdeko taldeko pultsulariek. Emakumezkoen senior kategorian, 49 kiloko kategorian Izarne Marko txapelduna izan zen; 55 kilokoan, Lidia Marton txapelduna izan zen; eta 71 kilokoan, Elena Mangas txapeldun eta Allison Rivera bigarren izan ziren. Master mailan, 55 kiloko kategorian, Lidia Marton txapelduna izan zen.
 
Gizonezkoetan, senior mailan, 67 kiloko kategorian, Ekaitz Kortajarena txapeldun izan zen, Stalin Cueva bigarren eta Urtzi Lusarreta hirugarren; 73 kiloko kategorian, Pablo Ucero txapelduna izan zen, eta 89 kilokoan Gorka Endjilo txapelduna izan zen. Master mailan, bere kategorian ere txapeldun izan ziren Ekaitz Kortajarena, Pablo Ucero eta Gorka Endjilo.
 
Eki Lizaso, Blumera
Danok Danena taldeko Eki Lizaso donostiarra hautatua izan da Blumera joateko, Madrilgo goi errendimendu zentrora, eta Madrilen bertan INEF-en ere onartua izan da bere ikasketak hasteko. Beraz, irailaren 1etik aurrera, halterofilia eta ikasketak uztartu beharko ditu bertan. Klubetik azaldu dutenez, «18 urte betetzera doa laster eta etapa berri bati ekingo dio. Hiru urte besterik ez dira kirol honetan hasi zela Danenan eta egindako lanari esker, aukera paregabea eta kirolari askoren ametsa izaten denaren aurrean dago orain. Taldeak onena opa dio ibilbide berri honetan eta poz asko emango dizkigulakoan gaude Danenatik. Bejondeizula Eki eta zorte on!».
 
Danok Danenaren urte askotako ibilbidean, kirolari horrekin 14 pultsulari dira Zizurkilgo taldetik hautatuak izan direnak, ikasketa bekak direla eta, goi errendimendu zentro ezberdinetan halterofilia egiteko. «Danena Halterofiliaren historiala ikusita, eta hainbeste urteren ondoren, gezurra dirudi oraindik ere ez edukitzea leku duin bat gure egunerokoan halterofilia baldintza egokietan egiteko», zehaztu dute taldetik. «Denbora luze daramagu Zizurkilekin elkarlanean gure beharretara egokitzen den leku bat egitekotan, baina ez dugu emaitzarik ikusten epe motzera. Egungo egoera dela eta, gurera etortzeko eskaera askori ezezkoa ematen daramagu denbora asko eta horren aurrean, beste leku batzuetatik ere leku eskaintzaren bat jaso dugu. Gauzak ez badira aldatzen, zerbait pentsatzen hasi beharrean gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!