«Aldaba Zahar inguruan 12 hektarea desjabetu nahi dituzte, panel fotoboltaikoak jartzeko»

Asier Imaz 2023ko uzt. 20a, 17:03

Tolosako Aldaba auzoan hamar eragile eta bertako bizilagunak elkartu dira, Amalurraren defentsan baserria bizirik aldarrikatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) «nekazari eta ekoizle askori» kalte egingo diela salatu dute, eta alegazioak jartzeko azken eguna uztailaren 21a dela ohartarazi dute.

Aldaba Zaharreko bizilagunen lurrak desjabetu nahi dituztela salatu dute, guztira 12 hektarea. «Lur horietan nor bizi den, zer egiten duen edo zeini kaltetzen dion kontuan hartu gabe» jarriko dituzte eguzki panel fotoboltaikoak, bizilagun eta eragile desberdinetako ordezkarien esanetan. Aldaba Zaharreko kideek gogoratu dutenez, urte luzeak daramatzate nekazaritza ekologikoan, ahuntz gazta ekoizten eta okindegia nahiz baratzeko produktuak aurrera ateratzen: «Gutxi gara, eta horrelako proiektu batek gure gogoa eta ilusioa zapuzten ditu, lur horiek balio handia baitute ahuntzentzat larre moduan, baita belarra egiteko ere, edo zekaleak ereiteko». Ondorengo galdera ere luzatu dute: «Zenbat izango gara Gipuzkoa edota Euskal Herri mailan egoera honetan gauden baserritarrak?».

EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) 2023ko maiatzaren 10ean egin zuen publiko Eusko Jaurlaritzak. Plan horrek Aldaba inguruetan izango duen eragina ikustean, bizilagunek eskuak burura eman zituzten, euren bizi proiektuak hankaz gora jartzen zituelako: «LPSaren mapa begiratuz, etxebizitza bat ere bete-betean harrapatzen du, baita Isastegi sagardotegiko ustiapen ekologikoko eta bertako sagarrak mantentzeko sagastiak ere. Bestalde, Aldaban kokatzen den Intxur mendiak duen garrantzi arkeologikoa ere nabarmendu nahiko genuke, izan ere, kastro bat dugu poligono fotoboltaikoa jartzeko gunetik 200 metrora bakarrik, gure baserrietatik oso gertu. Proiektu honek kastroaren inguruari nola eragingo dion ez dute kontuan hartu».

Horrez gain, edo «hori dena gutxi ez balitz», bioaniztasunarekin bat bizi direnek bioaniztasunaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute: «Aldaba Zaharreko gune hau arlo horretan oso aberatsa da. Gutxienez 20 hegazti eta ugaztun espezie bizi dira hemen arriskuan daudenak, Eusko Jaurlaritzaren Katalogoan jasota daudenak eta legez babestuta daudenak».  

Bizilagunen esanetan, eremu horretan horrelako poligono fotoboltaiko bat eraikitzeak ez dauka inongo zentzurik: «Poligono fotoboltaiko hauek gure lurretan eraiki ezkero, lurzoruaren kutsadurari, ur manantialaren kutsadurari, paisaiarengan izango duen inpaktuari, biodibertsitatearen galera larriari, gure proiektuen jarraipenaren galerari zein beste hainbat eta hainbat arazori aurre egin beharko genioke. Ez dauka zentzurik hitzez garaian garaikoa dena eta tokian tokikoa dena saltzeak, eta ondoren, proiektu horietatik bizi den jendearen lurretan horrelako proiektu bat inposatzeak. Guztiz inkoherentea da». 

«Klima aldaketa eta horren aitzakian datorkigun kolonialismo energetikoa»

Julia Niss eta Arena Flora Ojeda Balerdi bizilagunen alboan, eragile desberdinetako ordezkariak egon ziren atzo, Aldaba Zaharreko baserrien atarian. Hauen izenean, Nerea Arrizabalaga eta Josebe Blancok hitz egin zuten.

EH Kolektiboko Josebe Blancoren esanetan, «ziurgabetasuna bidelagun bilakatu zaigu laborarioi, itzal. Bere presentzia faktore askok ziurtatzen digute, eta aspaldikoak ziren horiei, hala nola, lur eskasia, errelebo falta... mamu berriak eta ez hain berriak azaldu zaizkigu: klima aldaketa eta horren aitzakian datorkigun kolonialismo energetikoa. Txanpon bereko bi aldeak dira: sistema kapitalista. Ezinezkoa da mugarik gabeko hazkundea, eta, halere, mugarik ez balego bezala, errezeta bera aplikatu nahi du kapitalak. Eta orain ere, planeta suntsitu dutenak, lehenaz gain, aberastuko dira».

Blancoren esanetan, baserritarrak hasi dira kapitalismo energetikoaren hatsa sentitzen garondoan, eta batzuk, «maletei hautsak kentzen hasi dira». EH Kolektiboko kidearen iritziz, nekazaritzarako egokiak diren lurren arpilatzea ez da berria: «Garai batean, industrializazioak. Gero, eraikuntzaren burbuila. Azpiegitura handiek ere janaria sortzeko aproposak ziren lurrak ere nahi. Mozorroz mozorro, batzuen diru-gosea eta espekulazioa egon dira presente, beti. Pixkanakako lur-desjabetze horrek eremu zailagoetara ekarri gaitu baserritarrak, inork nahi ez zituen lurretara. Ohitu egin gara isolaturik edo industrialdez inguratuta bizitzera. Garapen eredu honek ongitxo adierazi digu tokirik ez dugula jendarte moderno honetan, ez bada hiriko grisari kolore zipriztin batzuk emateko».

Trantsizio energetikoa deiturikoa, hurrengo olatua dela dio Blancok: «Mendez mende, baserritarrek eutsi egin dioten arren, egun, eustea zaila da, guk ez baitakigu olatu horietan surf egiten; bestela ere, itsaskirrietan, nahiko lan. Ohitu ginen bazterretan bizitzera, zerbitzu publiko gutxiagorekin eta etxeko gastuak gure produktuen prezioen neurrira doitzera; auzolana gure bizitzak mantentzeko ezinbesteko sarea dugu. Eta orain?».

Nerea Arrizabalaga Egurra Ta Kandela ekimeneko kideak, LPS dokumentua maiz alegatu dutela esan zuen, horretarako erraztasun gutxi aurkitu arren: «Mapetan ezin asmatu hartzen zituen baratzeak edo larreak gureak ote ziren; batzuetan irudia lausoegia zelako, beste batzuetan malkoek bihotza babestea erabaki zutelako. Maiatzetik hona, baserriko lanaz gain, sortu diren taldeetako herrikideekin batera, ekin genion LPSri alegazioak prestatzeari, herritar xumeek ekin ahal dioten moduan. Nahiz eta oztopoz beteriko bidea izan, asko ikasi dugu».

Zer ikasi duten azaltzerakoan, datu ugari utzi zituzten mahai gainean. Hona hemen puntuz-puntu, euren hitzetan:

  • Ikasi dugu, 2016tik bazegoela 2030erako Euskadiko Energia Estrategia, eta ezarritako helburua zela 1.440MW instalatzea; 3.454GWh ekoizteko esperantzarekin.
  • Ikasi dugu, zenbakiak aldakorrak direla. LPSren aurrerapen-dokumentuan, 2030erako aurreikusten zuten 6.480MW instalatzea; 11.599GWh ekoizteko esperantzaz. Hau da, Energia Estrategian azaltzen zenaren hirukoitza. Hasierako Dokumentu Estrategikoan, aldiz, 10.338GWh ekoiztea. Eta, halere, LPSko hainbat ataletan, ateak irikita uzten dizkiote energiaren ekoizpena handitzeari.
  • Ikasi dugu, LPSren helburua dela eskala handiko, 30MW edo gehiagoko zentral eoliko eta fotoboltaikoetarako lur-eremuak izendatzea. Tamainari erreparatuz gero, aintzat hartzen ditu bost aerosorgailu edo gehiagoko instalazioak; aerosorgailu bakoitzeko bat eta bost hektarea bitartean, sarbide eta guzti. Fotoboltaikoei dagokienez, 10 hektarea edo gehiagoko lur-eremuak Araban, eta bost hektarea edo gehiagoko sailak, Gipuzkoan eta Bizkaian. LPSn, 50MW baino gehiagoko zentralak instalatzeko eremuak ere izendatzen ditu, horien ardura Madrilek duen arren. Plangintzatik kanpo geratzen dira 30MW baino txikiagoko instalazioak. Orotara, tamaina guztietako zentralak izango ditugu: handiak, handiagoak eta erraldoiak.
  • Energia Berriztagarrien LPSaren dokumentuan, besteen artean, hauek irakurri ditugu: Helburua da sustatzaileek gaur egun dituzten ziurgabetasunak murriztea eta ekimen pribatuaren interesa pizteko segurtasun juridikoa areagotzea. Zehaztutako kokalekuak energia elektrikoa sortzeko instalaziorako dira, helburua da sortutako energia garraio edo banaketako sare elektrikoan isurtzea, eta ez autokontsumoari lotuta.

Ikusi eta ikasi duten guztitik, eragile desberdinen ordezkariek ondorengo ondorioa plazaratu zuten: «Atera ahal den ondorio bakarra da herriak eta lurrak nahi dituztela sustatzaile pribatu horiek negozio egiten jarraitzeko: hemen zentralak instalatuz eta energia urrutira garraiatuz. Haiei begirako plangintza dela. LPSk landa-eremuaz dio: Energia berriztagarriak motor ekonomiko garrantzitsua dira, biztanleria finkatzen eta lurraldea egituratzen laguntzen baitute. Hori idatzi duenak burbuila energetikoan interesak dituzten enpresen publirreportajez gain beste ezer irakurri ote du?».

Etorkizuna, «ezin beltzagoa»

Aldaba Zaharreko baserrien aurrean elkartu zirenek salatu zutenez, baserritarren etorkizuna iluna da: «Jada martxan dauden nekazari edo abeltzain proiektuak zalantzan jartzen ditu, LPS dokumentuan egun erabiltzen dituen lurrak proiektu energetikoak instalatzeko erreserbatu nahi direlako; 13.700 hektarea gutxi gorabehera. Baserri baten erreleboa hartzeko prozesuan sartu nahiko lukeenak, edo horretan dabilenak, zer ziurtasun maila izan dezake? Nola eskuratuko dituzte lurrak, hala eta guztiz ere instalatu nahi dituzten gazteek, lur-jabeek badakite enpresa elektrikoek diru gehiago aginduko dietela?».

Etorkizunik izango bada, ekoizleen esanetan bertakoa bultzatu beharko da, eta bide laburreko kontsumora pasatu: «Horrek esan nahi du, ezinbestean, baserritar gehiago behar ditugula, daudenak zaindu eta berriei bideak ireki, gerora elika gaitzaten. Eta geratzen zaizkigun lurrak babestu; hori egin ezean, gureak egin du. Ezin dugu hektarea bakar bat ere galdu. Orain ere lurra defenditzea tokatzen zaigu».

Aldaba Zaharreko bizilagunen ondoan, ondorengo hamar eragileak egon ziren: Egurra Ta Kandela Baserritarren ekintza, EHKo, Biolur, Bionekazaritza, EHNE Gipuzkoa, UAGA, EHNE Bizkaia, Etxalde, Naturkon eta Landarlan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!