- Gazteen maila-bigarren saria
- Amets Aizpurua Manzisidor (Getaria, 2005)
- Doinua: Agur sagar beltzeran
1.
Ahotik pasa ohi da
hitzen banketea:
gure barne ahotsen
eskaparatea.
Batzutan onurako,
bestetan kaltea,
baina gaur trabatu zait
silaben katea.
Zergatik zait hain zaila
bi hitz esatea?
2.
Errekamaran daude
jasota bi bala,
enbor beretik jaio
diren bi ezpala...
Metafora andana
sor daitezke hala,
baina ezin ezkuta
arrazoi makala:
motz geratu zaidala
hiztegi zabala.
3.
Ta zenbat irtenbide
ditudan aukeran.
Hitzek hor dihardute
zentzu gabe hegan.
Baina balantzan jarri
ohiturazko eran
ea zer irteten den
honako galderan:
zenbat esan nahi dudan
ta zenbat diodan.
4.
Ez dakit zein den hitzen
ebanjelioa,
zein den apreziatu,
zein den helioa...
Galderaz bete nahiko
nuke folioa.
Aztertuz gero hitzen
monopolioa
hitzek zenbateraino
dute balioa.
5.
Nahiz esaldia hasi
emeki-emeki
bi hitz hauen aurrean
trabatzen naiz beti.
Ezin adierazi
nahi bezain libreki,
baina egia esan
nahi badut nobleki,
errazago zatekeen
zer esan baneki.
6.
Enborra moztu nahi ta
nork moztu du huntza?
Noiz da askatasuna?
Noiz da zapalkuntza?
Babeleko dorrean
non da berrikuntza?
Non da hitzen artean
behar zukeen zuntza?
Zergatik da hain zaila
zalantzen hizkuntza?
7.
Demagun lokarria
solte dela, bada,
topatuko ditugu
beste hainbat traba.
Aske senti naiteke,
ausart, beharbada,
baina azken finean
nora heltzen gara?
Hitzak alferrik dira
nork entzun ez bada.
8.
Nire buru barneko
hamaika fabula
dira hau askatzeko
daukadan formula.
Nahiz ta nere ahotik
ez entzun sekula
hau irakurriz gero
jakin dezazula
nire bihotz txikian
etxe bat duzula.