Gehigarria: IX. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa

Pello Mari Otaño Barriola (1857-1910)

Joxin Azkue Gabilondo,  Hernandorena Kultur Elkartea 2023ko uzt. 20a, 10:00

Pello Mari Otaño Barriola Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen 1857an. Hiltzeko arriskuan nonbait, medikuak bataiatu zuen. Bertso tradizio handiko familia zuen Pello Marik: izen bereko aitona (Errekalde Zaharra deitua), Juan Pedro aita… Baita Xenpelar, Pello Errota eta Txirritarekin aritu eta bertsolari ere ziren Joxe Bernardo osaba eta haren alaba Plazida... 

Pello Mariren olerkigintza ulertzeko, ordea, haren bigarren abizenari erreparatu behar dugu: Barriola. Aitaren aldetik bertsolaritzaren sena jaso bazuen, ama Barriolaren aldetik garai hartan ohiko ez zen goi mailako kultura eta pentsamolde liberala bereganatu zituen.
Errekalden guztiak kabitzen ez eta, familiak baserria utzi eta Zizurkildik eta Adunatik zetozen bideak elkartzen ziren gunean eraikitako Karidadeko Bentan jarri ziren bizitzen. Aita hargina zenez, Donostiako zabalkundeak lan ugari eskaini zion. Hara joan behar izan zuen familiaren zati batek, aita tartean. Ama, aldiz, Karidadeko Bentan geratu zen. 

Pello Mari 18 urtera heldu zenean Bigarren Karlistaldia unerik beroenean zegoen eta gerrara joan behar izateko arrisku bizian zen. Ziur aski, gerrari ihes egin nahiak eraman zuen Ameriketara: mendiak pasatu eta mugaz beste aldeko porturen batean ontziratu beharko zuen.

Ameriketarako lehen (1875-1879) eta bigarren (188?-1890) bidaiak 
1875. urtean joan zen Pello Mari estreinakoz Ameriketara. Bizimodua ateratzeko denetik egin omen zuen: Panpetan itxiturak jarri, labekari, liburu kontuetan aritu zen, ferratzaile, poeta... Artzain aritu zela ere badakigu, berak aitorturik. Gerra amaituta, badakigu 1879an etxean zela berriro. 

Euskal Herrian atarramentu onik ez eta laster bigarrenez abiatu zen Otaño Ameriketarantz, Pasaiatik irtenda oraingoan. Baina 1890. urtean berriz, Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu zuen.

Donostian
Aitarekin Amaran jarri zen bizitzen. Orduan ezagutu zuen Maria Magdalena Alberdi Deskarga, Malen, ondoren emazte izango zuena. Baina Pello Marik ez zuen bertsorik izan harentzat, ez ezkongaietan, ez ezkondu ondoren ere. Amerikatik itzuli eta urtebetera, 1891n ezkondu ziren Pello Mari eta Malen. Bikoteak hiru seme izan zituen Donostian: Bernardo (1892), Migel (1894) eta Josetxo (1896). Pello Mariren ogibideari dagokionez, urte haietan dendari, eskribau eta enplegatu gisa lan egin zuela badakigu. Baita tabernari ere.


Ameriketara hirugarren eta azken bidaia (1898-1910)
Pello Marik emaztea eta hiru semeak hartu eta hirugarren aldiz itsasoaren bestaldera joatea erabaki zuen. Otaño hemen atxikitzeko asmoz, harentzat lanpostu bat sortzeko proposamen bat ere izan zen: Diputazioarentzat bertso eta abesti herrikoien letrak bildu, sailkatu eta argitaratzea. Baina diputatu karlistek ezin zuten bultzatu, Otaño liberala baitzen, eta diputatu liberalentzat poeta desordenatu hutsa zen. 

Ameriketara abiatzeko bezperan Donostiako Orfeoia joan zen Pello Mari, Malen eta hiru semeak zeuden etxera saio hunkigarri bat eskaintzera. Biharamunean egundoko jendetza bildu zen Pasaiara, Otaño handiari agur esatera. Beste zenbait bertsolarirekin batera, han zen Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ere. Ez nua borondatez,/beharrak narama zioen Otañok.

Otaño-Alberdi sendia Panpetako Pehuajó herrira joan zen. Han hiru alaba izan zituzten Pello Mari eta Malenek: Teresa (1899), Juanita (1903) eta Malentxo (1907).  Argentinako lehen euskara irakaslea izan zen Otaño. Euskara irakasteko berak asmatutako sistema zuen, J. Azkuek eta J. Arrastoak Mar del Platan aurkitutakoa eta Otañok berak Cátedra del Bascuence izena eman ziona: eskuz idatzitako oharrak, aditzak, esaldiak... 


Pello Marik, asmaren eraginez-edo, arazo handiak izaten zituen beti kanturako. Eztarriz ere ez omen zen batere jantzia, horregatik deitzen zioten Kattarro. Gaur egungo mikro eta bozgorailurik gabe, oztopo handia zen hori bat-baterako dohain apartak zituen bertsolariarentzat. Baina eztarri txar hari zor diogu, hain segur, hainbeste bertso sorta eder eta oparo idatzi izana, asko bertso-paperetan argitaratu zirenak gero. 


Familiak Hernandorena Kultur Elkartearen esku utzi zituen eta gaur Koldo Mitxelena liburutegian jasota dauden eskuizpkribuen artean bada garrantzi handiko bat: El Libro Atado deitzen ziona Otañok berak. Han jaso zituen bertso sorta gehienak. Pello Marik berak bertan adierazi zuenez, Ikusirikan ugaritutzen/dijoazkidala lanak,/eta aztutzen dirala noizbait/izkribatzen ez diranak,/liburu ontan jarri nai ditut/gogoratzen zaizkidanak,/gaur edo bihar nere semeak/ikasi ditzaten danak.


Urte hauek zinez emankorrak izan ziren Pello Marien bertsogintzan. 1900. urterako plazaratuak zituen Lagundurikan danoi, Zazpiak bat eta Amerikako Panpetan bertso sailak. Mutil koskor bat, Txepetxa bertso sorta, Artzai mutila operaren letra, Alkar liburua…
Asmak arazo handiak eragiten zizkion Otañori. Rosarion hil zen 1910ean, 53 urte zituela, a consecuencia de síncope cardíaco, heriotza agiriak jaso zuenez. Hasieran bertako hilerrian geratu zen, baina familia La Platara bildu zen eta hango horma-hobi batean aurkitu zituen Hernandorena Kultur Elkarteak Pello Mari eta Malenen hezurrak.

Otaño handiaren heriotzak sekulako zirrara eragin zuen, bai Argentinako euskaldunen artean eta baita Euskal Herrian ere.  Egunkari eta aldizkariek asko idatzi zuten zizurkildarrari buruz, etengabeak izan ziren haren ohorez idatziriko bertso eta artikuluak. Txirritak ere bertsoen bitartez adierazi zuen bere nahigabea.


Pello Mariren iritzi politikoak
Otañoren bilakaera politikoa begien bistakoa da. Etxean liberalen iturritik edan ondoren, errepublikazale eta foruzale agertu zen gero, eta azken urteetan abertzale. Argentinako azken urteetan mezu erabat abertzaleak zabaldu zituen, hitzaldi nahiz bertsoen bidez. Azken urteetan ez zuen gehiago Pedro Mari izena erabili. Pello Mari sinatu zuen handik aurrera, aitona Pello Mari etxekoentzat. Sabino Arana Goiriren aipamenak behin baino gehiagotan egin zituen, eta argi dago haren ideiak erabat bere egin zituela. Euskal Herriaren batasunaz idatzi zuen, mugaren bi aldeetako euskaldunez, bitan banatzen gaituen Bidasoa ibaiaz, euskararen makurrez: Zazpi ahizparen gai dan oihala/ebakirikan erditik,/alde batera hiru soineko,/utzirikan lau bestetik, /goraiziekin bereizi arren/bakoitza bere aldetik,/ezagutzen da jantzi dirala/zazpiak oihal batetik.

Nabarmenak dira Pello Marik sortu zituen azken bertsoak, bera zendu ondoren argitaratu zirenak, Argentinaren Independentziaren 100. urteurrenari eskaini zizkionak. Horrela amaitzen ziren: Denok maitaro agurtzen degun/maiatzeko eguzkiyak (Argentinak alegia)/aska ditzala euskal lurra ta/katibu dauden guztiyak. 

Otañoren garrantzia bertsolaritzan
Bertsolaritzaren historia luzean, sortzailerik bikainenetako bat izan da zizurkildarra, eta aparteko lekua merezi du. Pello Esnalentzat bertsolaritzaren historiako sei bertsolari nagusienetako bat genuke Otaño, zalantzarik gabe. Besteak Xenpelar, Txirrita, Uztapide, Basarri eta Amuriza. Juan Mari Lekuonak dio: Gerra-aurrean eta gerraostean, bertsozaleek buruz ikasten dute Otaño, eta erreferentzia klasikotzat hartzen. Eta, nabarmenago dena, Basarrik eta Uztapidek eredutzat hartzen dute Otaño, jantzia delako, ugaria, euskara garbikoa, arrazoizkoa, errespetuzkoa, garaiko eskakizunei egokituagoa. Geroztik, Amuritza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan.

 

GEHIAGO JAKITEKO  

  • Pedro Mari Otaño eta bere ingurua – I eta II. Antonio Zavala.
  • Otañoren arnasa. Hernandorena Kultur Elkartea.
  • Bidegileak: Pedro Mari Otaño Barriola. Xabier Euzkitze. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!