Euskotren ligan hirugarren jarri da Tolosaldea trainerua

Imanol Garcia Landa 2023ko uzt. 18a, 07:59

Tolosaldea traineruko arraunlariak, Orioko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA

Asteburuan bosgarren eta hirugarren egin dute. Ligan postu bat aurreratu dute, Orioko estropadan Donostiarra deskalifikatu eta gero.

Euskotren ligak asteburu bitxia bizitu du, batez ere igandeko estropadari dagokionez. Estropada horretan, Orioko XXIII. Emakumezkoen Estropadan, Orio Kanpina XI. Bandera, Donostiarra deskalifikatu egin zuten, eta beraz, ez zuen punturik batu, eta laugarren postura jaitsi da sailkapenean. Tolosaldea, beraz, laugarren postutik hirugarrenera igo da.

Larunbateko estropadan ez ziren nahi bezala atera gauzak eskualdeko traineruarentzat. V. Bilboko Bandera zegoen jokoan, eta ibaian lehiatu ziren ontziak, erlojuaren aurkako saioan. Bosgarren postua lortu zuen Tolosaldeak (10.43,84), eta laugarren izan zen Hondarribia (10.43,26) eta seigarren postua lortutako Hibaika (10.43,96) segundo batean sartu ziren. «Ibaiak beti ematen zigun errespetua», esan du Izaro Lestayo Tolosaldea traineruko lemazainak. «Bagenekien estropada gogorra izango zela, eta mentalitate horrekin joan ginen. Ibilbideak garrantzi handia zuen eta izkinatik joan arren, beste ontziak oraindik izkinago joan ziren. Bestalde, arraunlariek esan zuten ez zutela sentsazio onik izan».

Bosgarren egin ondoren larunbatean, ez ziren ohorezko txandan atera igandekoan. «Gauza bat argi badugu da larunbateko eta igandeko estropadak bereizi egin behar ditugula», zehaztu du Lestayok. «Larunbatekoa bukatzen denean, hor geratzen da, eta hurrengoan egun berri bat bezala hartzen dugu. Aurten larunbatekoak kaskarragoak ateratzen ari zaizkigu igandekoak baino, baina igandean buelta ematen diogu eta zerotik hasten gara berriz. Gure onena ematen dugu eta hori ondo ari gara kudeatzen».

Orioko uretan hirugarren postua lortu zuten eskualdekoek (11.26,80), beren txandan lehen postua lortuz. Oriok irabazi zuen etxean (11.16,60) eta Donostia Arraun Lagunak izan zen bigarren (11.25,54). «Gure arraunkera hartzen dugunean bai gaudela hor goikoekin borrokan. Beraz, gure arraunkera hartu eta erlojupeko bat egin genuen», esan du lemazainak. «Hasieratik oso ondo joan ginen, eta besteei begiratu gabe, gure onena eman behar genuela argi genuen. Gustura joan ginen, eta gure lana egin genuen».

Estropada horretan, Donostiarra deskalifikatua izan zen, traineruari falta zitzaion pisua jarri gabe zuelako. Ez zien denborarik eman jartzeko estropada hasi aurretik, eta epaileek ez zieten utzi parte hartzen eta ez zuten punturik batu. «Hau lehiaketa bat da, eta guri ondo etorri zaigu horrelako gauza bat gertatzea, baina egia da beraientzako egun oso gogorra izango zela», azaldu du Lestayok.

Bandera bat irabaziko duten galdetuta, Lestayok esan duenez, estropadatik estropadara sinisten dute banderak lortzeko borrokan daudela; «azkenean ez da ikusten irabazle garbirik, eta nork daki guk ere bat irabaziko dugun. Irabazi nahi dugu, baina guk gure bidetik jarraituko dugu. Lana eta lana egiten ari gara, eta ea bandera bat iristen den».

Asteburu honetan ez dute estropadarik izango, eta hurrengoak uztailaren 29an eta 30ean izango dituzte. Getxon izango dute 29an, eta Santurtzikoa izango da hurrengo egunean. Azken horretan ibaian eta badian izango da, baina lau kaletan lehiatuko dira, eta kaleen zozketak garrantzi handia izango du. Estropadarik ez izan arren, asteburuan ez dutela atsedenik hartuko esan du lemazainak: «Entrenatzen jarraituko dugu. Bi aste luze joango dira, baina beste taldeek ere egoera hori izango dute. Aktibo mantentzen saiatuko gara eta hemendik bi astetara dena ematera joango gara».

Hasieratik Tolosaldea traineruaren helburua «liga salbatzea» izan dela esan du Lestayok. «Eta orain hori nahiko ondo eramaten ari garela, ohorezko txandan sartu nahi dugu. Halere, ikusi dugu edozein estropadetan norbaitek huts egiten badu, Hondarribia eta Hibaika bertan daudela». Lemazainak esan duenez, «badakigu dugun dena eman behar dugula ohorezko txandan egoteko, eta hurrengo estropadan, Getxon jokatuko dena, horrela egin beharko dugu».

LIGAKO SAILKAPENA

  1. Donostia Arraun Lagunak   36p

  2. Orio                                         33p

  3. TOLOSALDEA                  29p

  4. Donostiarra                          26p

  5. Hondarribia                         22p

  6. Hibaika                                 15p

  7. Cabo                                      12p

  8. Tiran                                      6p

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!