Laiane Arrospide garaile, III. Cullera Trail gaueko mendi lasterketan

Ataria 2023ko uztailaren 17a

Larunbatean izan zen lasterketa Valentziako Cullera herrian, 21:30ean. 1.16.17ko denbora egin zuen Arrospidek, 11,4 kilometroko luzera eta 480 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean.

Laiane Arrospidek irabazi zuen larunbatean, Curella herriko gaueko mendi lasterketaren hirugarren edizioa. Soronea-Ammma taldeko korrikalariak, ordubete, 16 minutu eta 17 segundo behar izan zituen 11,4 kilometroko ibilbidea (480 metroko desnibel positiboarekin) osatzeko. Km3 Xativa taldeko Sandra Murcia izan zen bigarren, 8 segundora (1.16.25), eta Paterna Runners Club taldeko Yasmina Martin izan zen hirugarren, minutu pasatxora (1.17.25).

Joseba Olaetxea, txapeldunorde

Larunbatean baita ere, Astigarragako II. Kros Herrikoia jokatu zen. 5,7 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten korrikalariek, eta gizonezkoetan, Joseba Olaetxea tolosarra bigarren izan zen. Zumeatarra taldeko Javier Menta andoaindarra izan zen garaile; 17.58ko denbora egin zuen. Olaetxeak 32 segundo gehiago behar izan zituen (18.30), eta Xeye Atletismo Taldeko Marcos Zaldibia azkoitiarra izan zen hirugarren, Olaetxearengandik sei segundora (18.36). Unai Altuna tolosarra podiumetik oso gertu geratu zen; laugarren postuan helmugaratu zen, Zaldibiarengandik 15 segundora (18.51). Lehen hamar postuetan Tolosako beste bi korrikalari sailkatu ziren: Oier Saldias seigarren izan zen (19.32) eta Iker Manso hamargarren (19.48).

Izaro Goñi, hirugarren

Atzo, IV. San Anton Bira itsas zeharkaldia jokatu zen Getarian. Bi kilometroko lasterketa izan zen, eta emakumezkoetan, Izaro Goñi leaburuarra hirugarren izan zen, 34.07ko denbora eginda. Ana Vega donostiarra izan zen azkarrena (32.02) eta Mieresko Maria Fernandez helmugaratu zen bigarren postuan (33.43). Gizonezkoetan, eskualdeko bi igerilari sailkatu ziren lehen hamar postuetan. Ioseba Mateos ibartarra seigarren izan zen (31.13) eta Asier Goenaga tolosarra bederatzigarren (32.00). Haigor Aranguren donostiarra izan zen azkarrena (28.15).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!