Nahia Garridoren parte hartze dotorea Europako Junior Txapelketan

Ataria 2023ko uzt. 14a, 17:00

Tolosaldea IKTko igerilariak hiru probatan parte hartu du, eta sailkapen onena 200 metro bizkarrean lortu du, 11. postua eskuratuz.

Espainiako federazioak deituta Nahia Garridok Espainiako selekzioarekin parte hartu berri du Europako Junior Txapelketan, Belgraden. 50, 100 eta 200 metro bizkar probetan aritu zen. Garrido 2007an jaiotakoa izanik, bera baino bi urte zaharragoak diren Europako igerilari puntakoenekin lehiatzea egokitu zitzaion txapelketa horretan. Joseba Zubeldia teknikaria ere txapelketan entrenatzaile lanak egiten aritzeko deitu zuen Espainiako Federazioak.

Tolosaldea IKTko igerilari talde batekin batera Tarragonan egonaldia egin zuen Garridok txapelketa horretarako prestakuntzaren azken fasea ahalik eta kalitate gehienarekin egin ahal izateko. Bertan izandako sentsazioak «oso onak» izan ziren eta «ilusio handiarekin» joan zen Serbia aldera, klubetik azaldu dutenez.

Lehen proba 50 metro bizkarrekoa izan zen, eta 30,07 denborarekin 30. postua lortu zuen. 200 metro bizkarrean, bere proba kuttunean, parte hartze dotorea izan zuen lehen kanporaketa fasean eta 2.13,70ko markarekin bosgarren postuan sailkatu zen finalerdietarako. Finalerdietan ez zuen bere marka errepikatu eta 2.14,68ko markak ez zion finalera sartzeko aukerarik eman. Azkenean meritu handiko 11. postuan sailkatu zen. 100 metro bizkar proban, kanporaketa fasean eta finalerdietan 1.03,09 eta 1.03,17ko denborak egin zituen hurrenez hurren. Ez zen nahiko izan finalera sartzeko eta sailkapen orokorrean 14. postua eskuratu zuen.

Garridoren hurrengo helburuak uztaila bukaeran, Malagan, egingo den Espainiako Junior eta Absolutu Txapelketa izango da. Bertara «ilusio handiz, presiorik gabe eta disfrutatzeko helburuarekin» joango da. Hitzordu nagusia, hala ere, Israelgo Netanyan jokatuko den Munduko Junior Txapelketa izango du Garridok. Bertara joan aurretik Sierra Nevadan egonaldia egingo du Espainiako Junior Selekzioarekin batera denboraldi bukaerako hitzordu garrantzitsu horri prestakuntza hoberenarekin aurre egiteko asmoz.

«Ekintza heroikoa»

Denboraldi honetan, Tolosaldea IKTko igerilarien prestakuntza «ekintza heroiko» batean bihurtu dela azaldu dute klubetik, maiatzaren 8tik Usabal kiroldegiko igerilekua itxita dagoelako, bertako langileen greba mugagabea dela eta. «Zoritxarrez igerilari askok ezin izan diote egoerari aurre egin eta egoera mantentzen den bitartean igeriketa uztea erabaki dute gauzak aldatzen ez diren bitartean».

Jarraitzen duten igerilariei indarra bidali nahi diote klubetik: «Jarrai dezatela beren ametsen atzetik lanean! Geldirik daudenei besarkada estu bat bidali. Indartsuago aterako gara honetatik!». Beste mezu bat ere zabaldu nahi dute klubetik: «Gipuzkoako 8 igerileku desberdinetan igeri egiten uzten diguten udal, enpresa eta langile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotz bihotzez! Bestalde, egunez egun elkartasuna erakusten digun orori, kaleko jendeari, igeriketaren inguruko jende guztiari, gure familiei... guretzat bultzada handia dela adierazi nahi genieke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!