Etxeko animaliak sentikortasuna duten izaki bizidunak dira juridikoki pasa den urtetik, hau da, ez dira gauzak eta beraz hainbat eskubide dituzte. Eskubide horien artean daude bikoteen banaketa egoeretan ados jarri ezean epaileak erabakiko duela etxeko animalia norekin geratuko den. Erabaki hori hartzeko garaian, animaliaren eta familiako kideen ongizatea kontuan hartu beharko dute, legeak jasotzen duenez, eta epaileak haren zaintzagatik eta mantenuagatik sortutako gastuak ordainarazi diezazkioke beste jabeari. Epaileek kontuan hartuko dute, halaber, etxeko animaliak ere mina eragiteko tresnatzat erabil daitezkeela dibortzio kasuetan. Horrenbestez, erabaki ahal izango dute umeak gurasoetako batengana ez joatea, horrek animaliari tratu txarrak eman badizkio edo hari min egingo diola esanez mehatxatzen baditu, indarkeria bikario edo indarkeria matxista modura umeen beste gurasoa kontrolatzeko edo biktima bihurtzeko helburuarekin.
Bestetik, galdutako animaliei lotutako neurriak aurreikusten ditu legeak. Galdutako animalia aurkitzen duenak jabeari itzuli beharko dio derrigorrez, eta aukera izango du zaintzagatik edo hura sendatzeagatik izandako gastuen ordaina eskatzeko. Hala ere, salbuespen bat egongo da: tratu txarrak jasan dituen zantzuak sumatu, edo abandonatuta egotearen itxura hartzen badio, ez dio zertan itzuli jabeari, baina arlo horretan eskuduntzak dituzten agintariei jakinarazi beharko die egoera.
Legeak arautzen du era berean, jabea hiltzen denean zer egingo duten animaliarekin. Hainbat egoera zehaztuta daude. Jabeak aurrez adierazi ez badu animalia noren zaintzapean geratuko den, jabea hiltzean hura eskatzen duten senideei emango diete. Batek baino gehiagok eskatzen badute eta ez badute lortzen ados jartzea, epaileak erabakiko du norekin joango den, betiere, animalia horren ongizatea kontuan izanda; kontrara, inork ez badu animaliaren kargu egin nahi, administrazioak aukera izango du beste norbaiti emateko.
Etxeko animaliek beraz, eskubide gehiago dituzte orain, eta gizakiaren mehatxu eta erasoetatik babesteko aukera ematen die legeak. Hori baina, bigarren pausoa litzateke. Izan ere, lehen pausoan dago maskota bat hartzerakoan erabakia ondo hausnartzea, eta horretarako hainbat galdera egin beharko lizkioke bakoitzak bere buruari.
Animaliak ez dira gauzak
Legeak onartzen duen moduan, maskotak ez dira gauzak eta euren ongizatea bermatzeko ardura dute jabeek. Hori horrela, maskota bat aukeratu aurretik hainbat galdera egitea komeni da. Esate baterako, zenbat denbora duzu maskotari eskaintzeko? Etxeko animaliak zaintza lanak izango ditu eta horiek betetzeko duzun denboraren inguruan hausnartzea komeni da. Maskota guztiek ez dute denbora dedikazio bera eskatzen eta horren araberako aukeraketa egin behar da. Animaliak paseatzera atera behar dira, euren elikadura zaindu behar da, albaitariarengana eraman behar dira, garbitu, eurekin jolastu... Horrek guztiak eskatzen duen denboraren inguruan pentsatu behar da.
Etxeko animalia guztiak ez dira tamaina berekoak eta ez dute mugimendu bera behar eta hori kontuan hartu behar da. Izan ere, animalia batzuek oso leku gutxi behar dute bizitzeko eta oinarrizko beharrak asetzeko, eta beste batzuek, ordea, metro koadro gehiago edo aire zabaleko eremuak behar dituzte. Horregatik animaliarentzat daukazun eremua, etxea edo dena delakoa oso faktore garrantzitsua da.
Bakoitzaren ezaugarriak ere garrantzitsuak dira. Hau da, adina eta egunerokoan dituzun ohiturak ere kontuan hartu behar dira. Mendian ibiltzea gustatuz gero, txakur batekin joatea oso atsegina izan daiteke, baina etxean denbora gehiago emanez gero, behar bada katu bat aukera hobea izango da. Komeni da ere etxean zenbat pertsona bizi diren ikustea, zein ezaugarri dituzten...
Animalia guztiak ez dira berdinak noski, eta horri erreparatu behar zaio. Espezie batzuk leialak dira, beste batzuk independenteagoak, lagunkoiak dira beste batzuk, adimentsuagoak... Bakoitzaren nortasunarekin bat egingo duen animaliaren nortasuna kontuan hartu behar da. Badaude ere kontu ekonomikoak. Hau da, animaliek zaintza lan batzuk eskatze dituzte eta baita gastu batzuk ere, higienea mantentzeko, albaitariarengana joateko...
Hori guztia kontuan hartuta, argi dago maskota bat aukeratzea erabaki kontziente bat behar duela izan eta hainbat ezaugarri hartu behar direla kontuan. Horregatik ez da komeni horren pertsonala den erabakia beste baten esku uztea, eta horregatik ez da komeni maskotak oparitzea. Eta azken gomendio bat; animaliak erostea ez da aukera egokia, adopzioa da egokiagoa, eta inguruan adopzioak bideratzeko hainbat erakunde eta talde daude eskura.