Gehigarria: Ongizatea

Depresioaren zulotik ateratzeko euskarriak

Ataria 2023ko uzt. 25a, 10:00

Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Agifes elkartean. Argazkia: Agifes

Gizartean oso zabaldua dagoen arren, ezjakintasun handia dago buru nahasmendu honen inguruan. Diagnostiko larria bada ere, irtenbidea badago, Agifeseko psikologo Maider Gorostidiren esanetan. Laguntza profesionala eskatzea ezinbestekoa da kasu askotan, eta berdinen arteko babesa ere oso lagungarria da.

Tristura eta depresioa ez dira gauza bera, askotan loturik agertu arren. Depresio hitza hala moduz erabiltzen dela dio Maider Gorostidi Agifes elkarteko psikologoak, baina diagnostiko larria dela gogorarazi du. «Pertsonaren egoera kolokan jartzen da, eta egunerokotasuneko gauzak egiteko zailtasun handiak izatera iritsi daiteke».

Osakidetzaren arabera 10 pertsonatik batek gutxienez depresio agerraldiren bat izango du bizitzan zehar. Pertsona horien 
%40ak ez dio ezer esaten bere osasun profesionalari, ez dakielako zer gertatzen ari zaion edo nahasmendua onartzean ingurukoen bazterketa jasatearen beldur delako.

Hain zuzen, ezgaitasun arrazoirik nagusietakoa da depresioa, ohiko gaitasunak eta energia nabarmen mugatzen baititu. Batzuetan, gainera, eragin handia du familia edo gizarte harremanetan, baita lanean ere.

Nahasmenduaren iraupena aldakorra da: zenbait astez jasan daiteke edota hainbat urtez luzatu. Oro har, pertsona gehienak hobeto sentitzen dira lau eta sei hilabete artean igaro ondoren, baina batzuek sintoma iraunkorragoak izaten dituzte. Depresioak bi urte edo gehiago irauten baditu, kronikotzat hartzen da. Faktore psikologiko, biologiko eta sozialen konbinazio konplexuaren ondorioz agertzen da, baina ageriko eragilerik gabe ere azaldu daiteke.

Autoestimua landu
Maiz, nahasmendu honen oinarrian daude autoestimu arazoak. Horrek desegoki sentiarazten du pertsona; ezgaitasun sentimenduak ditu eta zailtasunak ditu une onez zein lorpenez gozatzeko. Bere akatsetan jartzen du arreta, eta ez dio ondo dagoenari erreparatzen.
Autoestimua lantzeko, garrantzitsua da honakoa kontuan hartzea:

  • Gauzak ez dira beti irudikatzen ditugun moduan gertatzen. Emaitza garrantzitsua izan ohi den arren, bizitzako prozesuak are esanguratsuagoak dira.
  • Geure burua bere horretan onartzea ezinbestekoa da. Lorpenak eta hanka-sartzeak, indarguneak eta ahuleziak... onartzen ikasi behar dugu, barne ongizatea sustatzeko.
  • Ez dago gizaki perfekturik. Beraz, egoera bakoitzean dugun erantzukizuna gure gain hartuz, egoera bakoitzak dakarkigun esperientziatik ikasi eta barruko bake sentsazioa indartu ahal izango dugu.
  • Norberaren nahiak asetzea garrantzitsua da, betiere besteenak errespetatuz, baita gure iritziak errespetuz eta une egokian adieraziz ere.
  • Funtsezkoa da motibazioa pizten lagunduko diguten jomugak eta helburuak ezartzea.
  • Osotasuna eta barne-koherentzia mantentzeak geure burua errespetatzen lagunduko digu.

Pentsaera zaindu

Depresioa duten pertsonen artean pentsamendu distortsionatu edo irrazionalak dira nagusi. Errealitatearen interpretazio okerra eragiten duten distortsio ohikoenak honakoak dira:

  • Dena edo ezer ez. Muturreko pentsamenduak izaten ditu. Adibidez: «Ez dut azterketa gainditu; ikasten jarraitzeak ez du zentzurik».
  • Zuri edo beltz. Pentsamendu dikotomikoa du: dena oso positibotzat edo oso negatibotzat sailkatzen du, eta mutur ilunena hartzen du norberari dagokiona deskribatzeko. «Dena gaizki ateratzen zait».
  • Abstrakzio selektiboa. Esperientzia zehatz bat xehetasun baten arabera interpretatzen du, elementu garrantzitsuagoak baztertuz: «Familiarentzat prestatu nuen postrea ez zitzaidan ondo atera; bazkaria zapuztu nien».
  • Pentsamendu katastrofikoak. «Bidaian istripua izateko arriskua dut. Hobe etxean geratzen banaiz».
  • Gehiegi orokortzea. Esperientzia jakin batean edo gutxi batzuetan oinarritu dezake errealitatearen interpretazioa: «Ez nau inork atsegin; niregandik etekina ateratzeko gerturatzen dira soilik».
  • Pertsonalizazioa eta erruduntasun sentimendua. Kanpoko gertaeren ardura beregain hartzea, oinarri sendorik gabe: «Aita gaixotu egin da nik sortzen diodan nahigabearen erruz».
  • Magnifikazioa edo minimizazioa. Gertaera baten esanahia gehiegi handitzeko edo gutxiesteko joera: «Beste pertsona batengatik utzi nau; ez nau inork inoiz gehiago maitatuko».
  • Hau egin beharko nuke. Norbere buruari betebehar amaigabeak jartzen dizkio. «Erabakiak hartu beharko nituzke», «zerbait egin beharko nuke»...

Zulotik ateratzeko, ezinbestekoa da pentsamendua berregituratzen ikastea. Horretarako, kasu askotan, garrantzitsua da profesionalen babesa jasotzea. Maider Gorostidik garbi du: laguntza eskatuz gero badago irtenbiderik.

Berdinen arteko laguntza taldea
Hain zuzen, depresioa duten pertsonei zuzenduriko laguntza taldea eskaintzen du Agifes elkarteak. Psikologo batek gidatutako saioetan, parte-hartzaileen bizipenak partekatu, elkarri entzun eta babesa eman, eta batak bestearengatik ikasteko aukera dago. Taldera sartu ahal izateko, aldez aurretik tailer bat eskaintzen dute elkartean, depresioaren une zailenei aurre egiteko tresnak eskuratzeko.

Jaione Mujikarentzat «oso garrantzitsua» da laguntza-taldea. «Momentu txar askotatik salbatu nau urteotan. Bertan laguntza, errespetua, isiluneak… topatzen ditut, eta aurrean ditudan pertsonek ispilu moduan erakusten dizkidate nire ahulezi eta indarguneak».

Guadalupe Rivasentzat ere «oso aberasgarria» da taldea. «Beste pertsonengandik ikasten dut, eta horrelako egoeran dagoen bakarra ez naizela ikustea oso lagungarria zait», dio.

Agifes elkartea
Agifes irabazi-asmorik gabeko elkarteak buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei eta beren senideei laguntzarako guneak eskaintzea du helburu. Egun, 1.000 bazkide eta 50 profesional baino gehiago batzen ditu, eta hainbat programa eskaintzen ditu, besteak beste, doako harrera eta orientazio zerbitzua; arreta psikologikoa; laguntza-taldeak; aholkularitza juridikoa; senideentzako eta profesionalentzako formakuntzak; errehabilitazio psikosozialerako zentroak; babes etxebizitzak; komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza programa; Elkarrekiko Laguntza programa; Zeuk Aukeratu, gazteen buru osasuna zaintzeko prebentzio eta esku-hartze programa; Elkargune, komunitate integraziorako programa; eta Karabeleko, enplegu zentro berezia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!