Eñaut Uson eta Udane Mujika, Espainiako Txapeldun

Ataria 2023ko uztailaren 12a

Alpino Uzturre taldeko eskalatzaileek Euskal Selekzioarekin parte hartu dute A Coruñan (Galizia) jokatutako Selekzio Autonomikoen Espainiako Txapelketan. Usonek urrezko bi domina eta zilarrezko bat irabazi ditu; Mujikak, berriz, urrezko eta zilarrezko bana.

Pasa den asteburuan eskaladako V. Selekzio Autonomikoen Espainiako Txapelketa jokatu zen A Coruñan (Galizia), infantil eta kadete mailan. 15 selekziotako 142 eskalatzailek parte hartu zuten; Tolosako Alpino Uzturre taldeko bi eskalatzaile Euskal Selekzioarekin aritu ziren: Eñau Uson ibartarra eta Udane Mujika elduaindarra.

Usonek 13 urte ditu eta infantil mailan lehiatu zuen. Bloke kategorian bigarren izan zen eta zilarrezko domina lortu zuen. Zailtasun kategorian eta konbinatuan, berriz, txapeldun izan zen, eta beraz, urrezko bi dominarekin itzuli da etxera.

Mujikak ere 13 urte ditu, baina kadete mailan lehiatu zuen. Urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi zituen; Espainiako txapeldun izan zen bloke kategorian eta txapeldunorde kategoria konbinatuan.

Selekzioen sailkapenari dagokionez, kadete mailan hirugarren izan zen euskal selekzioa, eta infantil mailan, seigarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!