Uztailaren 22an Zizurkilen jokatuko da Euskal Herriko Sega Txapelketa, 18:00etatik aurrera. Jokin Etxeberria (Amasa/Bedaio, 1988) bertan izango da, Julen Gabirondo, Mikel Lizartza eta Oier Urkolarekin batera.
Gipuzkoako txapelketan nola sentitu zinen?
Igandean esperantza handiarekin joan ginen. Egia esan, entrenamendu bat bera ere ez dugu txarra egin. Lan ona egiten ari ginen, eta entrenamendu bat gehiago bezala hartu genuen. Gabirondorekin topo egin nuen, ordea.
Gabirondorekin bakarrik edo baita zeure buruarekin ere?
Nire buruarekin ez nuke esango. Ondo joan ginen. Izerdi ederra aterata hasi nintzen. Buruan asmo bat geneukan, eta ez zen ondo atera. Hasieratik hil edo bezi atera ginen biok, eta badakigu Gabirondoren fisikoa nolakoa den. Berak ondo eutsi zion eta nik betekada handi bat izan nuen. Kosta egin zitzaidan buelta ematea, eta horren eragina azken 20 minutuetan asko atzeman nuen.
Gabirondok hasiera bizi horren inguruan horixe esan zuen; bazekiela topera aterako zinela eta berak ere gauza bera egin beharko zuela.
Horrela da. Bestela ezin da. Urte batean edo bestean probatu dugu lasaiago aterata, ondoren gehiago egiteko. Baina egindakoa eginda geratzen da. Hasieran alde pixka bat lortzen baldin baduzu, abantaila bezala hartzen duzu, eta haizea alde ibiltzen zara. Ahal dela elkar haustera joaten gara, eta igandean berak lortu zuen hori.
Kilo askoko txapelketa izan zen. Berak 5.108 eta zuk 4.643.
Belarra bustita zegoen. Goizean euri lanbroa egina zegoen, eta horrez gain sail asko pasa genituen. Julen Gabirondok 2.100 pasako zituen, eta nik ia 2.000 metro. Asko dira, eta kiloak hor azaldu ziren. Nik uste lan ona azaldu zela amaieran.
Zuentzat lan handia baina baita biltzaileentzat ere.
Haiek ere ahal zutena egin zuten. Julenenak eta nireak oso justu ibili ziren. Mikel Lizartzarenak sorta batzuk pisatu gabe geratu ziren. Azkenean, hor ikusten da taldearen eta segalarien garrantzia kirol honetan.
Euskal Herriko txapelketa geratzen da orain.
Beti esan izan dut guretzat Euskal Herrikoa Kontxa bezala dela. Lau segalari berdinak izango gara. Tokia oso ona dela uste dut, aitzakiarik gabekoa. Ea oraingoan asmatzen dugun.
Estrategia aldatuko al duzu?
Bai, aldatuko dugu. Beti bezala aterako gara, baina beste pentsamendu batekin joango gara. Igandekoak lezio bat eman zigun; eroriz ikasten omen da. Topera aterako gara berriz, baina zerbait aldatuko dugu.
2019a izan zen zure azken denboraldia. Geldirik egon ondoren, berriz itzultzea erabaki duzu.
Berriz hemen, bai. Urte hartan pixka bat nekatuta amaitu nuen. Bigarren haurra ere izan genuen eta nahi bezain besteko denborarik ez neukan entrenamenduetarako. Euskal Herriko final hartan ere gauzak pasatu ziren. Txartel gorriak zirela, kiloak zirela... Motibazioa galdu nuen pixka bat, eta uztea erabaki nuen. Gero berriz, txapelketa ez zela egingo, egingo zela, eta horrelako hotsak hasi ziren. Pena ematen dizu horrek. Badakigu guk beti eustea zaila izango dela, baina ahal dena egin behar dela uste dut, eta horrela hasi ginen itzultzeko asmoekin. Ezin dugu hau galtzen utzi.
Gauza bat nahia izaten da, bestea ahala. Nolako prestakuntza izan duzu?
Egia esan oso gogor ibili gara entrenamenduetan. Inoiz ez bezala. Horri esker oso gustura gabiltza orain.
Itzuleraren kontuarekin, etxean ez zenuen arazo handirik izango.
Horrela ibiltzeko etxekoen babesa ezinbestekoa da. Emaztea sokatiran ibiltzen da, eta horrek asko laguntzen du. Dena ulertzen du, eta esandakoa, babes hori ezinbestekoa da. Bestela oso zaila izango zen dena.
Herri kirolen saltsa apustuak izan ohi dira. Segan garai batean apustu handiak ikusitakoak gara. Apustu baten arrik ez al daukazu?
Apustu bat jokatzeko ilusioa badaukat, bai. Ordu pare bateko apustu batek ederra izan beharra dauka. Bere garaian Mitxelena eta Erasunek jokatu zutena, adibidez. Istorio hori entzute hutsa bakarrik zirraragarria da. Pertsona horretaraino iristea izugarria da, nahiz gero galdu edo irabazi. Horrelako apustu bat jokatzea niretzat izugarria izango litzateke. Herri kirol munduan gabiltzan gehienok izaten dugu buruan apustua, eta horrek sortzen duen giroa, onerako beti ere. Batzuk probatu gabe geratzen dira, pena horrekin. Uste dut nahikoa hitz egin dudala, ez naiz gehiago esatera ausartzen... [barreak].