Ayala Serranoren erakustaldia, Gipuzkoako Itzulian

Ataria 2023ko uztailaren 10a

Zu-k Limousin taldeko txirrindulari larrauldarra izan da onena junior mailako sailkapen guztietan; Gipuzkoako Itzulia irabazteaz gain, onena izan da mendiko, puntukako eta tarteko helmugetako sailkapenetan.

Atzo jokatu zen Elgoibarren Emakumezkoen Gipuzkoako Itzuliako bigarren eta azken etapa: Elgoibar Herria I. Saria. Bertan, Zu-k Limousin taldeko Ayala Serrano txirrindulari larrauldarra bigarren izan zen, Ecologicos Navarra - Beratxa Ser taldeko Laia Boschen atzetik. Esprintean erabaki zen lehia eta bi txirrindulariak denbora berean helmugaratu ziren. Irene Dravasa Serranoren taldekidea hirugarren izan zen. Taldekako sailkapenean, gainera, Zu-k Limousin izan zen onena.

Larunbatean, Ordizian, II. Emakumeen Ordiziako Saria jokatu zen, Gipuzkoako Itzuliako lehen etapa, eta bertan, Zu-k Limousin taldeko Haizea Telleria hirugarren izan zen, eta Serrano laugarren.

Bi postu horiei esker, Serranok junior mailako Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen. Sailkapen nagusiko txirrindulari onena izateaz gain, mendiko, puntukako eta tarteko helmugetako mailotak bereganatu ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!