Iban Agirrezabala, Euskal Herria Kopako txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 10a, 11:57

Soronea-Ammma taldeko mendi korrikalari berastegiarra laugarren izan zen asteburuan jokatu zen Goierriko 2 Handiak mendi lasterketan; postu horri esker, ultra modalitateko Euskal Herriko Kopa irabazi du.

Ostiralean hasi eta larunbatean amaitu zen Beasaingo Goierriko 2 Handiak 88 kilometroko mendi lasterketa. Proba hori, hain justu, Euskadiko Ultra Txapelketa izan zen. Iban Agirrezabala Soronea-Ammma taldeko korrikalari berastegiarra laugarren postuan helmugaratu zen, 10.56.55eko denbora eginda. Joseba Eskudero idiazabaldarra izan zen garailea, 10.12.32ko denborarekin; Fidel Alvarez izan zen bigarren (10.41.11) eta Iñigo Aranzamendi hirugarren (10.41.45). Euskadiko Ultra Txapelketaren kasuan, Eskudero izan zen garaile, Arantzamendi bigarren eta Iban Agirrezabala hirugarren.

Postu horri esker, Agirrezabalak ultra modalitateko Euskal Herriko Kopa irabazi du, Jokin Uribetxeberriaren eta Aitor Gainzaren aurretik. Larunbatean lortutako puntuak ez ezik, apirileko Enkarterri extrem, maiatzeko Domusa Teknik 40mlk eta ekaineko Euskal Herria Mendi Erronka lasterketetan lortutako puntuak ere batu dituzte korrikalariek sailkapen nagusian.

Zubillaga, lider sendoagoa

Pasa den ekainaren 24ean, mendi lasterketen Euskal Herriko Kopako seigarren proba puntuagarria jokatu zen Amurrion, Amurrio Trail Taldeak eta Euskadiko Mendizale Federazioak antolatuta: X. Amurrio Trail lasterketa; 31 kilometroko luzera eta 1.750 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea. Baldintza oso gogorretan egin zuten proba korrikalariek, bero eta hezetasun handiarekin.

Emakumezkoetan, Soronea-Ammma taldeko Oihana Zubillaga anoetarrak eta Maud Combarieuk lehia polita eskaini zuten lasterketaren lehen herenean. Combarieuk sufritu egin zuen Aginagatik Unginorako tartean, baina Zubillagari presioa sartzeko suspertu zen, honek ez baitzuen inoiz ahuleziarik erakutsi. Zubillagak 3.45.09ko denbora egin zuen. Combarieuk eta Oihane Unzaluk osatu zuten podiuma.

Garaipen horri esker, Zubillagak jarraitzen du Euskal Herriko Kopako lider. Bi lasterketa geratzen dira oraindik: uztailaren 22an, Bidarrain (Behe Nafarroa) Baztandarrak Trail lasterketa jokatuko da; eta irailaren 23an, Azkainen Skyrhune lasterketa (finala).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!