Altuna III.ak irabazi du eskualdeko derbia

Endika Apalategi Labayen 2023ko uzt. 7a, 14:50

Jaka eta Altuna podiumean.

Amezketarrak irabazi du 14-22 Erik Jaka lizartzarraren aurka San Fermin Torneoko lau eta erdiko finala. Jokin Altunak partidaren bigarren zatian markagailua irauli, eta bere hirugarren txapela eskuratu du.

Hasiera borrokatu baten ostean, hirunako berdinketa batekin hasi da eskualdeko derbia. Lizartzarrak sakea hartu eta 8-3 aurreratu da markagailuan, baina Jakaren sake falta bati esker, Altuna III.a tanto bakar batera jarri zaio markagailuan (8-7).

Partidako lehenengo atsedenaldia arte, hainbat tanto gogor eta ikusgarri jokatu dituzte eskualdeko pilotariek. Jaka markagailuan aurretik izan da uneoro, eta 12-10 markagailuarekin iritsi da aurretik lizartzarra. Partidaren lehenengo zatia elektrikoa eta fisikoa izan da, eta Iruñeko Labrit pilotalekuan egiten zuen beroak, partida are gehiago gogortu du.

Atsedenaldiaren ondoren, sakearekin elkarri min handia egiten jarraitu dute. Hala ere, lizartzarra 14-12 aurretik zen markagailuan eta Altunak partidan aurrea hartzerik ez zuen lortzen. Hortik aurrera ordea, partidaren norabidea erabat aldatu da eta amezketarrak 14-13 tantoa eginda sakea berreskuratu du.

Partidako unerik garrantzitsuenean, Altunak bere txapeldun izaera atera du eta 4 sake jarraian egin ostean, 14-17 aurreratu da markagailuan. Psikologikoki, partidako unerik garrantzitsuenean aurretik jartzeak indar handiak eman dizkio amezketarrari, eta 0-10 partziala sartuta 14-22 bukatu da San Fermin Torneoko finala eskualdeko pilotarien artean.

Gaurko garaipenarekin, Jokin Altunak San Fermin Torneoko hirugarren txapela irabaztea lortu du eta gustura agertu da hedabideen aurrean. «Partida gogorra izan da, Jakak lehenengo zatian asko asmatu du eta ez nintzen eroso sentitzen. Partidak aurrera egin ahala ordea, pixkanaka nagusitzen joan naiz eta bigarren zatian gehiago asmatuta txapela irabaztea lortu dut».

Xabier Tolosaren itzulera gazi-gozoa

Hiru hilabete luzeren ostean, gaur berragertu da kantxetara Xabier Tolosa anoetarra Iruñeko Labrit pilotalekuan. Dario errioxarra lagun zuela 22-10 galdu dute Artola-Eskiroz bikotearen aurka. Partida ostean ordea, anoetarra burumakur agertu da, izan ere 6-6 zihoala partida, zerbait arraroa sumatu du min hartu zuen hanka berdinean. «Lesioa izan nuen hanka berean zerbait arraroa sumatu dudanetik, partidatik irten eta blokeo psikologiko moduko bat izan dut eta ez dut nire ehuneko ehuna eman».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!