ELKARRIZKETA

«Harrigarria dirudi baina jende askoren ogibidea da txotxongilolaritza»

Leyre Carrasco 2023ko uzt. 7a, 07:59
Estitxu Zaldua Topic-eko zuzendaria eta Izaro Olano eta Asier Pagola museoko langileak. L. CARRASCO

Helburu berriekin hasiko dute datorren ikasturtea Topic-en; txotxongilolaritza belaunaldi desberdinetan sakontzea eta komunitate osora zabaltzea izango dira erronka berriak. Estitxu Zaldua Topic-eko zuzendariak eta Asier Pagola eta Izaro Olano museoko langileek helburu berriak zerrendatu dituzte.

Europa osoan txotxongilo artearentzako zentro integral bakarra da Topic. 1982an zabaldu zituen ateak Tolosako Ekinbide Etxeak kultur jarduera berri bati ekitea erabaki zuenean, Titirijai izeneko txotxongiloen nazioarteko jaialdia sortuz. Geroztik, ekimen ugari eskaintzen ditu urtean zehar, eta horien lanketan aritzen dira Estitxu Zaldua (Beasain, 1983) zuzendaria eta Asier Pagola (Gaztelu, 1997) eta Izaro Olano (Altzo, 1997) Topic-eko pedagogia arloko langileak.

Betidanik izan duzue txotxongilo munduarekin lotura? Nondik datorkizue?

Asier Pagola: Arte ederretako ikasketak egin nituen, eta Tolosara etorri arte ez nuen txotxongilolaritza munduarekin zuzeneko harremanik izan. Topic ezagutzen nuen Samaniegon ikasi nuelako, eta Titirijai jaialdira etortzen ginelako eskolarekin. Hala ere, beti izan dut urruneko harremana mundu honekin. Topic-en lan eskaintza bat sortu zenean, txotxongilolaritza zer den ikasi eta maitemindu egin nintzen. Txotxongiloa arte plastikoa da eta arte desberdinak biltzen ditu. Izan ere, sortzeko antzeztu eta josi egin behar duzu. Oso osatua eta polita da. Duela bi urte hasi nintzen lanean eta geroztik sortu da harremana.

Izaro Olano: Hona etorri aurretik nik ere lotura gutxi izan dut mundu honekin. Magisteritzako ikasketak egin nituen eta Haur Hezkuntzan espezializatu nintzen, dramatizazioan, hain zuzen. Txotxongilo mota ezberdinak landu genituen ikasgai bat genuen, baina oso oinarrizkoa zen. Ni ere Titirijai jaialdia ikustera etorri izan naiz, baina ez naiz inoiz mundu honetan zuzenean murgilduta egon.



Estitxu Zaldua: Juanjo Herrerok eta biok, zuzendaritzako bi kideok, Bartzelonako Antzerki Institutuan ikasi genuen. Izan ere, arlo honetan, formakuntza homologatua eta publikoa eskaintzen duen estatu mailako toki bakarra da. Formakuntza horren bitartez izan genuen lehenengo harremana, gainera, espezialista oso onekin, eta geroztik, biok batera konpainia bat sortu genuen, eta hor ere konpainia desberdinekin lan egin izan dugu.

Nolakoa ari da izaten lan esperientzia?

Olano: Oso interesgarria ari da izaten; izan ere, Asier arte ederretakoa izanda, eta ni pedagogia arlotik etorrita, oso proiektu interesgarriak sortzen ditugu elkarrekin. Gainera, material oso interesgarria dago txotxongilo desberdinak sortu eta gai ezberdinak lantzeko. Gu ere etengabe jorratu ez ditugun espazio eta material berriak lantzen eta ekartzen ari gara proiektuak gauzatu ahal izateko, eta une honetan dauden txotxongilo teknika ezberdinak ari gara ezagutzen.

Europa osoan txotxongilo artearentzako zentro integral bakarra da Topic. Zein onura ditu Topic bezalako leku batean lan egiteak?

Pagola: Gauza asko. Esaterako, harremanak. Azkenean, nazioarteko zentro bat denez, kanpoko jende asko etortzen da, bai ikuskizunak eskaintzera edota, tailerrak ematera, besteak beste. Jende asko dabil honen inguruan, bai Euskal Herrian baita Europan edo mundu osoan ere. Txotxongilolaritzaren inguruan beste ikuspuntu bat ematen du. Azkenean, harrigarria dirudi baina jende askoren ogibidea da txotxongiloa, eta horri balorea ematea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Izan ere, honi balorea ematea ikuspuntua zabaltzea da, eta hori oso aberasgarria da.

Nola egiten duzue lan Topic-en? Zein da zuen eginbeharra?

Olano: Pedagogia aldetik, eskola kanpainan oinarritzen gara. Urte guztian egiten dugun programa bat da, eta, batez ere, Euskal Herriko ikastetxe eta espazio ezberdinekin egiten dugu lan eta txotxongilolaritzan oinarrituta dago. Bertan, txotxongilo tailer bat, museoko bisita eta ikuskizuna eskaintzen ditugu, eta ikastetxe bakoitzak nahi duenaren arabera, gaia aukeratu eta bisita antolatzen dugu. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ez hartzea soilik aisialdi moduan. Horregatik, ikasleak etorri aurretik, gida didaktiko moduko bat bidaltzen diegu irakasleei, beraiek ere ikasgelan landu dezaten, ikasleekin batera. Bertan, eduki ezberdinak jorratzeko aukera izaten dute; hala nola, txotxongilolaritza zer den, zer aurkituko duten zentroan, zein den landuko dugun gaia. Hona etortzen direnean, gehiago garatzen dugu eta zeharka ere balore ezberdinak lantzen ditugu. Espazio hau uzten dutenean, eta berriro beraien espaziora bueltatzen direnean, jarraipen bat eta lotura bat egotea garrantzitsua da. Horrez gain, familia tailerrak ere eskaintzen ditugu, sorkuntza prozesua belaunaldi ezberdinen artean ematea garrantzitsua iruditzen zaigulako.

Pagola: Orain, udaran etenaldi bat egiten dugu, baina iraila edo urritik aurrera, txotxongilo ikuskizunekin hasiko gara, eta eskolak ekartzeko aprobetxatzen dugu. Oso polita izaten da Gipuzkoako familiak ikuskizuna ikustera etorri eta gero, gurekin batera, txotxongilo bat sortzen dutenean. Eraikuntza txiki bat izaten da, nahiko bizkorra, ordubete besterik ez baitugu izaten. Oso giro polita sortzen da, eta familien artean nola erlazionatzen diren ikustea aberasgarria da.

Olano: Horrez gain, ikastetxeak etortzen direnean ere, oso berezia izaten da, emanaldia ikusi ostean, ikasleak artistekin egoteko tartea hartzen dutelako edozein galdera egiteko. Horri garrantzia handia ematen diogu, eta pribilegio bat da.

Zaldua: Gainera, bertan parte hartzen duten konpainiak kalitatezkoak eta ospe handikoak izaten dira. Adibidez, Madrilgo Centro Dramático Nacionalekin batera, programazioa osatzen dugu elkarlanean, Titerescena. Honek pedagogia arloan ere eragina izaten du, ikuskizun guztiek koherentzia bat izaten saiatzen baikara.

Txotxongilo munduan pedagogia arloan gehiago sakontzea falta dela uste duzue? Izan ere, txotxongiloak haurrekin lotu izan dira beti, baina publiko helduago batentzat ere zuzenduak daude, ezta?

Zaldua: Egia esan, Bartzelonan soilik dago formakuntza homologatua eta errekonozitua; horrek eragiten du estatu mailan, esparru horretan, formakuntza duten profesional gehiegirik ez egotea. Hortik pasatzen direnak askoz barneratuago daukate txotxongilo mundua ez dela soilik haurrentzako. Hori Europa mailan oso argi ikusten den tendentzia bat da.



Olano: Oraindik haurrekin lotzen jarraitzen dela ikusten dugu, eta pedagogia aldetik, bada erronka bat nerabeak gerturatzeko. Nerabe askok txikitako kontuekin lotzen dituzte txotxongiloak, panpinekin jolasten zuten garaiak izango balira bezala. Hor lotsa eta beste sentimendu asko sortzen dira. Beraz, dinamika hauetan umeak oso erraz sartzen diren bezala, gure erronka pertsonala nerabeekin hori ere lortzea da.

Topic-en landu beharreko zerbait gehiago falta dela ikusten duzue? Hala bada, zer?

Pagola: Pedagogia sailean, adin tarte ezberdinetan gehiago sakontzea falta dela uste dut. Polita izango litzateke pedagogikoki eta txotxongilolaritzaren inguruan pertsona bati adin ezberdinetan laguntzea. Hori oso sakonduta dago eskola kanpainan, baina gure erronka beste adinetara zabaltzea ere izango litzake. Bereziki, gazte eta nerabeengana, oso adin zaila baita, eta txotxongilolaritzak asko lagundu diezaieke adin horretan lotsa eta sentimendu asko baztertzen. Hala ere, helduekin proiektu txikiak ere egin izaten ditugu. Adibidez, orain bukatu berri dugu Los Invisibles izeneko proiektua, non partaide bakoitzak txotxongilo bat sortu behar zuen eta ondoren, beraien bizipen bat kontatu. Hausnarketarako aukera izan dute, eta eroso egoteko espazioa sortu da. Urria edo azaroan lan horien erakusketa egingo dugu.

Asier Pagola: «Pedagogia sailean, adin tartean gehiago sakontzea falta dela uste dut»


Olano: Askotan, gure inguruan bakarrik zentratzen gara, baina askoz espazio gehiago eta errealitate gehiago daude gure inguruan. Beraz, adinaz gain, beste komunitate batzuetara ere iritsi nahiko genuke. Adibidez, Tolosan dauden etorkin edo komunitate arrazionalizatuekin zein emakumeen etxekoekin lan egin nahiko genuke. Espazio ezberdinak elkartu eta sorkuntza edo proiektu bat sortzea oso onuragarria eta aberasgarria izango litzateke. Gainera, txotxongilolaritzakin sortzen diren dinamika ludikoak errealitate bakoitza arintzen laguntzen dute. Horregatik, gure helburuetako bat ere bada perfil desberdinetako komunitate edo espazio ezberdinekin hartu-eman batzuk sortzea.

 

Izaro Olano: «Beste komunitate batzuetara ere iritsi nahiko genuke»



Zaldua: Aurten, adibidez, hirugarren adineko jendearekin proiektu bat hasi dugu pedagogia arloan, eta nola edo hala hirugarren adinekoekin ere lotura bat izaten saiatzen gara. Topic-en helburu nagusia, beraz, ez da eskola kanpainan soilik zentratzea, baizik eta Topic hemen eta inguruan gehiago zabaltzea eta erabiltzea da. Izan ere, inguruko lanketa sumatzen dugu faltan, ez bakarrik Tolosan, inguru gertuago batean ere. Proiektu pedagogiko potolo baten barruan ere formakuntza eskola bat sortu nahiko genuke hemen bertan. Espazioa ezin da hobea izan, errekonozimendu mailan, estatu mailan, nazioarteko begirada horretatik.

 

Estitxu Zaldua: «Proiektu pedagogiko potolo baten barruan ere formakuntza eskola bat sortu nahiko genuke»



Etorkizuneko erronkak aipatu dituzue, baina zein beste proiektu dituzue jada datorren ikasturterako eskuartean?

Pagola: Eskola kanpaina urtero egiten dugu, baina une honetan, beste bi gai mota ere ari gara lotzen irakasleekin batera. Hau da, alde batetik, emozioen lanketa, eta bestetik, birziklapena. Txotxongilolaritza erabiliz bi gai horiek jorratu daitezke, eta horretarako hemen egingo dugun lanketaz gain, aurretik beste lanketa bat egitea ere eskatu diegu. Horrez gain, maleta hartu eta gu ere Topic-etik kanpora ateratzea da eskuartean daukagun beste proiektuetako bat, inguruko eskola, elkarte edo establezimenduetara joateko.

Olano: Horrekin lotuta, online bidezko saioak ere egiten ditugu. Frantziako eskola batekin online bidezko saioak egin izaten ditugu maiz. Izan ere, ez da hain erraza izaten beraiek hona etortzea edo gu hara joatea. Esaterako, tailer batean, txotxongiloen bidez, gaztelera irakatsi genien.

Zaldua: Bartzelonako Antzerki Institutuarekin ere elkarlanean gaude, eta goi mailako eskola horrek tailer batekin amaitzen du urtero ikasturtea. Tailer hori Titirijai jaialdian txertatu dugu. Zubilan moduko bat egiten ari gara, azken finean, formakuntza bat ematen duen goi mailako eskola hori erreferentzia moduan izatea interesgarria iruditzen zaigu, bertatik ateratzen diren gazteak gu ezagutzeko aukera izaten dutelako. Dantzertirekin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Goi-mailako Dantza Eskolarekin ere hainbat proiektu ditugu eskuartean. Bestetik, iaz Erasmus+ programan parte hartu genuen Asierrek eta biok, eta bertan, ikertzen eta hausnartzen aritu ginen zer den profesionala izatea Europa mailan, lurralde bakoitzean nola ulertzen den eta nola kudeatzen den... Programa hau iaz amaitu zen, baina bigarren fase baten esperoan gaude.

 

TOPIC

 

UDAKO ORDUTEGIA

Asteartetik Ostiralera. 10:00etatik 14.00etara eta 15:30etatik 19:30etara.

Asteburuak eta jaiegunak. 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 19:30etara.

Astelehenak. Itxita (jaiegunak eta zubiak izan ezik)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!