ERREPORTAJEA

Musika mendira eramango dute

Irati Saizar Artola 2023ko uzt. 9a, 07:59
Iazko Errockmeriaren irudi bat. L. CARRASCO

Esanezin, Habi, Occhi Di Farfalla eta Mihise taldeak dira Errockmeria jaialdiko kartela osatzen duten musika taldeak; igande honetan izango da festa, 12:00etatik aurrera, Zelatunen; bigarren urtez jarraian antolatu du musika jaialdia Beertoki elkarteak.

Iazko aho zapore ona mantendu edota hobetzeko, Errockmeria musika jaialdia antolatu du, bigarrenez, Beertoki elkarteak. Igande honetan izango da, 12:00etatik aurrera, Zelatunen, eta lau musika taldek hartuko dute parte.

Tradizio bilakatu dira iraileko igandeetan Zelatunen egiten diren erromeriak. Tradiziozko leku hori aprobetxatuta, beste musika bat eraman nahi du mendira Beertoki elkarteak. Hala adierazi du Aitor Otegi kideak. Beertoki, garagardoaren inguruan mugitu izan da gehienbat, baina musikaren bueltan ere kontzertuak antolatu zalea da, besteak beste, azken aldian, Sharijai kultur elkartean ari dira programazioa osatzen.

Iaz, tradizioa eta berritasuna emanaldi berean elkartzeko saiakera egin zuten, eta bizitakoa errepikatu asmoz hartu dute aurten ere, berriro antolatzeko asmoa. «Iazkoak erantzun oso ona izan zuen, eguraldiak asko lagundu zigun eta jende asko gerturatu zen; ikusleak, musikariak, Zelatungo bordetako arduradunak eta gu geu, antolatzaileak, pozik geratu ginen», dio.

«Plaza ezberdin bat, leku berezi bat» da Zelatun ingurua. «Iaz, jaialdia amaitzean, musikariek zioten pribilegio bat zela horrelako leku batean kontzertua eskaini ahal izatea». Aurten ere, lekua eta jaialdi formatua errepikatuko dute; lau taldek emango dute kontzertua eta ordubete inguruko saioa eskainiko du bakoitzak. Esanezin, Habi, Occhi Di Farfalla eta Mihise taldeak gonbidatu dituzte.

Bigarrengorako prest

Beertoki elkarteak urteak daramatza ekimen ezberdinak antolatzen eta Otegik dio «ohituta» daudela saltsa horietara. Iazko edizioa, proba moduan egin zutela aitortu du, gogoa zutelako horrelako jaialdi bat antolatzeko. «Ez geneukan buruan bigarren edizio bat ekar zezakeenik, baina gerora, berriro ere antolatzeko harra sortu zaigu».

Antolaketa lanak «erraz» egin dituztela kontatu du: «Musika taldeak lotzerakoan, aurten ere, lagunekin jarraitu dugu; ezagunei egin diegu kasu eta buruan genituen lau taldeei deitu genien. Lehenengotik eman digute baiezkoa, oso pozik gaude alde horretatik, zortedunak gara».

Oholtzarik gabe, lurrean arituko dira musikariak, baina berritasun bat izango du aurten argazkiak: bateria traktore baten gainean muntatuko dute. «Lana errazteko egingo dugu, horrela aurreko egunean ez dugu bateria muntatzeko behar den zorua prestatu beharrik izango, eta traktore bat izatea aproposa iruditu zaigu».

Beertoki elkarteak duen musika ekipoa erabiltzen dute hango eta hemengo emanaldietan, bai gaztetxeetan eta baita plazetan ere, eta Zelatunen aire zabalean izanagatik, musika ekipo hori erabiliko dute. «Iaz ere hala erabili genuen, eta hasieran bagenuen beldurra, oso eremu zabala delako, baina oso ondo entzuten zen, beraz, aurten ere horixe erabiliko dugu».

Jaialdiko elementurik garrantzitsuena, beraien esku ez dagoen zerbait da: eguraldia. «Zerura begira jarrita gaude, egunero, horrelako jaialdi bat egiteko eguraldi ona izatea ezinbestekoa delako, izan ere, bestela, ezingo dugu egin». Eguraldi txarra egiten badu beste aukerarik ez dutela dio, eta bertan behera utzi beharko dutela.

Hala ere, horretan pentsatzen jarri baino, guztia ondo joan dadin prestatzen ari dira. Bordetako arduradunekin harremanetan jarri dira, eta jateko eta edatekorik ez dela faltako esan du Otegik.

Aukera paregabea dela dio, mendian paseatu, naturarekin kontaktua izan eta musika ederraz gozatzeko. Jakinarazi du Errezildik Zelatunera dagoen pista itxita izango dela ibilgailuentzat, beraz, oinez igotzeko deia egin dute antolatzaileek. «Plan alternatibo polita izan daiteke, mereziko du».

 

ESANEZIN

Esanezin Ianire Aranzaberen proiektu musikala da. Altzagarateko musikariak 2021. urtean kaleratu zuen Aireratzen bere lehen disko laburra, zazpi kantuz osatua; eta hasiera Zestoako Gaztain estudioan eman bazion ere, Bartzelonako Turonet estudioan grabatu zen gainerakoa.

Pop doinuak jorratzen ditu, eta bakarkako formatuan lehen kontzertuak eman ondoren, laukote formatua hartu du proiektuak, Arri Iraeta, Yeray Gascon eta Iñigo Asensio bidelagun dituela.

2023an agertokietatik zertxobait urrundu eta urte amaierarako espero den lehen disko luzearen prestaketa eta grabaketetan murgilduta dago proiektua. 

HABI

Habi 2018an sortu zen, Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta. Villabonan jaioak dira biak, eta musikarekiko pasioak elkartu zituen haien bideak.

Horren emaitza da Habi: Jon Anderren bateriaren indarra eta Yerayren gitarraren soiltasuna, azkenaren ahots bereziaren osagarri. Batu eta sei hilabetera plazaratu zuten zortzi kantu biltzen dituen lehen lana: Loratu.

Konfinamendu garaian iritsi zen bigarren proiektua: azken hilabeteetan sortu zituzten abestiak bildu, findu eta bigarren disko batean jaso zituzten: Koloreak. Paisaia ugari eta koloretsu baten ispilu da bilduma, eta, hain justu ere, paisaia horren zati da Harri, bigarren lanaren lehen aurkezpen kantua: erritmo biziz eta jostariz josia. Bigarren aurkezpen kantu gisa Pareidolia aukeratu dute, iluntasunean murgildutako melodiez osatutako abesti indartsu bat. Lehen lanaren kasuan bezala, zortzi kantu dituen lana egin dute, Elkar estudioetan Victor Sanchezen gidaritzapean ekoitzia.

2021ean Villabonakoek, Bermeoko Etxekalte taldearekin batuta eta Elkar estudioen laguntzarekin, Arimak denboran single bikoitza grabatu zuten. Berriro ere Victor Sanchezen gidaritzapean. Bi kantu, bi taldeen estiloak nahastuta eta istorio bakar bat kontatzen dutenak. Sei lagunen harremana eta pasioa batzen denean gertatzen dena.

Lehen diskoaren argitaratzetik lau urte pasa ondoren, laugarren estudioko lana aurkeztu du Habi taldeak: Helmuga. Lau kantuz osaturiko EP bat da: musikari buruz mintzo den eta musikari berari omenaldi bat egin asmo dion lan bat. Estilo askotarikoak nahasi dituzte lau abestietan, orain arte urratutako ibilbidean ikasitako gauza guztiak horietako bakoitzean islatuz.

OCCHI DI FARFALLA 

Miren Aranguren eta Hodei Estebanek 2013an bikote akustiko bezala sortutako proiektua da Occhi Di Farfalla. Errepidera ateratzeko asmoz osatutako proiektua izanik, lehen kantuak osatu eta udan bertan bira egin zuten Alemania, Suitza, Txekia, Eslovenia eta Italian zehar.

Kantuak taldean eta elektrikoan jotzeko gogoz, 2015ean, laukote formatuan bigarren bira egin zuten Alemania, Suitza, Txekia eta hainbat herrialdeetan zehar. Taldera sartu ziren Jokin Azpiazu eta Bati-rekin batera, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan jarraitu zuten diskoa aurkezten.

2017ko udan, berriz, Europara irten ziren, kasu horretan, Ibon Guerrarekin batera. 2019an, Destino Epikoak diskoa aurkeztu zuten Europan eta Euskal Herrian, eta pandemiak aurkezpen bira erdian harrapatu zituen. 2020 eta 2021 urteak kantu berriak lantzen pasa dituzte eta Iraun izeneko disko berriarekin datoz bueltan. Ez zaie irautea besterik gelditu.

MIHISE

Usurbilgo Hotzikara taldeak joera aldaketa bat izan zuela baliatuz sortu da Mihise eta ia bost urtez landutako bidaia bat proposatu dute Kronik@ lan honetan. Estilo aldaketa, instrumentu aldaketa, formazio aldaketa… Ez dira gauza gutxi izan disko hau kaleratzeko eman beharreko pausoak eta horrek interes berezia eman dio lanari.

Bidaia hau praktikotasunagatik hamar puntutan mozten den arren, 10 kantu, bidaia oso bat bezala planteatzen da. Isiltasunak tarterik ez duen DJ saioa edo obra klasikoa bailitzan.

Bertan, ezinegon lasai batetik kolpe emozional bat jaso eta honen inguruan igarotako faseen kronika bat egiten da, esperientziak ematen duen ikuspegitik. Halaber, ez da kasualitatea diskoko azken zaratek diskoaren hasierakoen jarraipena izatea, kolpetik kolpera errepikatzen den buklea adierazten baita. Edo kronikoki konta daitekeen kronika, Kronik@. Gaur egun bigarren diskoarekin lanean dabiltza buru-belarri.

Baxua eta ahotsa, Beñat Urteaga; gitarra eta ahotsa, Antton Aranburu; eta bateria, Mikel Olasagasti. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!