Sarah Ugarte txapeldun, II. Trail Sallent de Gallego mendi lasterketan

Ataria 2023ko uztailaren 4a

Alpino Uzturre taldeko korrikalaria izan da Aragoiko herrian jokatutako lasterketako 27 kilometroko proba luzeko azkarrena, emakumezkoetan; Soronea-Ammma taldeko Laiane Arrospide tolosarra bigarren izan zen. 12 kilometroko proba motzean, Iker Eceiza ibartarra bigarren postuan helmugaratu zen.

Pasa den larunbatean, Trail Sallent de Gallego mendi lasterketaren bigarren edizioa jokatu zen, Aragoiko herrian. Bi proba izan ziren: luzea (27 kilometro) eta motza (14 kilometro). Proba luzean, emakumezkoetan, Sarah Ugarte Alpino Uzturre taldeko korrikalaria izan zen txapeldun. Tolosan bizi den korrikalari donostiarrak 3.36.33ko denbora egin zuen. Eskualdeko beste korrikalari bat sailkatu zen bigarren postuan: Soronea-Ammma taldeko Laiane Arrospide tolosarra. Arrospidek Ugartek baino 10 minutu eta 10 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko: 3.46.43. CM Ibonciecho taldeko Cristina Ara izan zen hirugarren, Arrospiderengandik 3 minutura: 3.49.43.

Proba motzean, gizonezkoen kategorian, eskualdeko beste korrikalari bat izan zen podiumean. Iker Eceiza ibartarra bigarren izan zen, 1.11.07ko denbora eginda, Carlos Cabrera irabazlearengandik (1.09.48) minutu pasatxora helmugaratuz. Gorka Simon izan zen hirugarren, 1.12.14ko denborarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!