Tolosaldeko 8 enpresak enpresa berritzailearen Hazinnova ziurtagiria jaso dute

Ataria 2023ko uzt. 4a, 16:00

Ziurtagiri honen banaketa-ekitaldia gaur goizean egin da Iparlaten instalazioetan, Urnietan. Ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko.

Tolosaldeko 8 enpresak enpresa berritzailearen ziurtagiria jaso dute gaur, Donostialdea eta Bidasoa Behereko beste 53 enpresekin batera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRI taldearen eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko.

Ziurtagiri honen banaketa-ekitaldia gaur goizean egin da Iparlaten instalazioetan, Urnietan, eta bertan izan dira Aitor Urzelai, SPRIko zuzendari nagusia eta Gotzon Bernaola, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia. Urnietako jardunaldi hau EAEko hainbat eskualdetan egiten ari den bost topaketako zirkuitu baten parte da. Bertan, EAEko 321 enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egindako ahalegina aitortzen da.

Topaketa honetan, ETEen ondoan izan dira sareko tokiko agenteen ordezkariak, laguntzaile izan dituztenak berrikuntzako mikro-proiektuen ezarpen-prozesuan: AFM, Beterri-Buruntza Udalak-Andoaingo Udala, Bidasoa Activa, Bizkaiko Merkataritza Ganbera, AFM, Elikadura Klusterra, Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Euskadiko ekipamenduaren, altzarien eta diseinuaren klusterra, Habic, Arrantzako Tokiko Ekintza Taldea (GALP), Oarsoaldea, Tolosaldea eta Siderex.

Ziurtagiri hau gaur jaso duten Donostialdea, Tolosaldea eta Bidasoa Behereko enpresa txiki eta ertainek 74 proiektu osatu dituzte Hazinnova 2022 deialdiaren bidez. Berrikuntzak produktuetan zein negozio-prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edo finantzetan egin dituzte.

Banaketa-ekitaldiaren ondoren, berrikuntzako kasu praktikoak aurkeztu dira. Horietan, Hazinnova 2022 programan parte hartu zuten enpresetako hiruk beren esperientzia praktikoak eta lortutako emaitzak partekatu dituzte: Iparlat, esnekien eta edari begetalen fabrikatzailea, Urnietan kokatua, Atearen txokoa, egurrezko ateak fabrikatzen, dekoratzen eta jartzen dituen Urnietako enpresa, eta Forest Pioneer, Irunen egoitza duen eta basogintza sektorean zentratua dagoen enpresa taldea.

Hauek dira Hazinnova ziurtagiria jaso duten eskualdeko enpresak:

  • Grupo Urola Alimentacion XXI. Aduna.
  • Hertell. Ikaztegieta.
  • Irudek. Aduna.
  • Isastegi Sagardoa. Tolosa.
  • Mikelan Ortopedia. Irura.
  • Norantz Furgonetak. Zizurkil.
  • Oihan Txiki. Orexa.
  • San Miguel Garraioak 1961. Irura.

Uztailaren 13an, Gipuzkoako beste 38 enpresak Hazinnova ziurtagiria jasoko dute Azpeitian, EAEko hainbat herritan egiten ari den birari amaiera emateko.  

Hazinnova 2023 deialdia

Hazinnova 2023 deialdia zabalik dago jada eta interesa duten enpresa berriek urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Programak 2,7 milioi euroko aurrekontua du esleituta urte honetarako. 2022ko deialdian, Hazinnova programak 2.760.000 euroko aurrekontua izan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!