Mateos eta Amundarain hirugarren, IX. Flysch Beltza Igeriketa Zeharkaldian

Ataria 2023ko uzt. 4a, 10:44

Eibar Igerixan Kirol Klubak antolatzen duen probak hainbat aldaketa izan ditu aurtengo edizioan. Asier Gomez eta Andrea De La Herna nagusitu dira proba luzean.

Irailarekin batera egiten den Flysch Beltza zeharkaldia uda hasieran egitea erabaki dute aurtengoan. Larunbatean jokatu zen, eta eguraldia medio, ibilbideak aldatu beharrean izan ziren. Proba luzea 6.500 metrokoa izan ohi da, Saturrarenetik Debarainokoa. Laburra, aldiz, 3.000 metrokoa; Mutriku eta Deba lotuz.

Larunbatean eguraldi eta itsaso zakarra zegoen. Horren ondorioz probak laburtu egin zituzten antolatzaileek. Distantzia luzea distantzia labur bilakatu zen, eta laburra, itsaso zabalean egin beharrean, ibaian egitea erabaki zuten.

Mutriku eta Deba arteko zeharkaldian, 3.000 metrokoan, 98 igerilarik parte hartu zuten. Asier Gomez ermuarra izan zen azkarrena 35 minutu eta 7 segundoko denborarekin. Bigarren, Adnan Mustafi bosniarra helmugaratu zen, 36.06ko markarekin. Ioseba Mateos ibartarra izan zen hirugarrena, 37.59ko denborarekin.

Emakumeetan azkarrena Andrea De La Hera izan zen. Barakaldoko igerilariak zeharkaldia bigarren postuan amaitu zuen, Gomezen atzetik 7 segundora. Lara Vicandi izan zen bigarrena Debako helmugan, 37.25eko denborarekin. Gizonezkoetan bezala emakumezkoetan ere podiumeko hirugarren postua eskualdeko igerilari batentzat izan zen, Erika Amundarain billabonatarrarentzat (39.25).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!