Eskualdeko derbia, San Fermin Torneoko finalean

Ataria 2023ko uzt. 3a, 12:00

Erik Jakak eta Jokin Altunak jokatuko dute San Fermin eguneko final garrantzitsua, lau eta erdian, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lizartzarrak Baiko Pilota enpresa ordezkatuko du, amezketarrak, berriz, Aspe.

Uztailaren 7an, San Fermin eguna ospatuko dute Iruñean. Egun garrantzitsua izan ohi da, urteko garrantzitsuena herritar ia denentzat. Bada, pilotarientzat ere oso egun berezia izaten da, egun horretan, eguerdian, jokatzen baita lau eta erdiko San Fermin Torneoko finala. Baiko Pilota eta Aspe enpresako pilotari bana aritzen dira. Azken asteetan kanporaketak jokatu ondoren, enpresa bakoitzeko pilotari onena sailkatzen da finalera, eta aurten, Tolosaldeko bi pilotari ariko dira txapelaren lehian, Erik Jaka lizartzarra eta Jokin Altuna amezketarra. Eskualdeko derbia izango da beraz, Labrit pilotalekuan. 11:00etan hasiko da jaialdia, eta bigarren partida izango da finala. Lehen partidan, Artolak eta Eskirozek, Dario eta Tolosaren aurka jokatuko dute.

Erik Jakak atzo lortu zuen finalerako sailkatzea. Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu zuen finalerdia, Elgetan. Partida estua izan zen, batez ere lehen atsedenaldira arte. Gero, lizartzarra hobeto aritu zen, eta gehiago asmatu zuen. Azkenean, 22-16 irabazi zion zaratamarrari. Ostiralean, final-laurdenetako kanporaketa jokatu zuen Jakak, Artolaren aurka, Zaldibarren. Atzo baino alde txikiagoarekin hartu zuen mendean pilotari alegiarra: 22-19.

Jokin Altunak ere bi kanporaketa gainditu ditu aste honetan. Batetik, ostegunean, final-laurdenetan 22-15 irabazi zion Elordiri Mungian. Bestetik, finalerdietan, 22-13 hartu zuen mendean Ezkurdiari, Sopelan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!