Tolosaldea bigarren izan da Euskotren Ligako lehen estropadan

Ataria 2023ko uzt. 3a, 16:00

Tolosaldea Arraun Klubeko traineruak lan oso ona egin zuen atzo VI. Bandera Cidade da Coruña estropadako bigarren jardunaldian; Arraun Lagunak irabazlearengandik hiru segundora helmugaratu zen. Lehen jardunaldia bertan behera geratu zen larunbatean.

Larunbatean, denboraleagatik, bertan behera geratu zen denboraldiko lehen jardunaldia, Coruñan (Galizia). Itsaso zakarraren eraginez, traineruak ezin izan ziren uretaratu, eta, itsasoratzeko beste modurik ez zegoenez, bertan behera gelditu zen. 2003an Traineruen Kluben Elkartea sortu zenetik lehenengo aldiz gelditu da bertan behera estropada bat jardunaldia hasi aurretik. Bi jardunalditan jokatzen den estropada bakanetakoa da Coruñakoa. Aurten, ordea, jardunaldi bakarrera mugatu behar izan dute, hain zuzen, atzo jokatu zen estropadara.

Atzokoan ere, handiak izan ziren haize ufadak eta olatuak, baina estropada jokatzea erabaki zuten. Historikoa izan zen atzokoa, lehen aldiz, zortzi traineru ari baitira aurten Euskotren Ligan, eta beraz, bi txandatan banatuta ariko dira arraunean ontziak.

Tolosaldeak erakustaldia eman eta bigarren postuan amaitu zuen atzo, Arraun Lagunak irabazlearen atzetik. Donostiarra izan zen hirugarren. Hain justu, lehen txandan aritu ziren lehen hiru sailkatuak, Tiranekin batera. Ziabogan, 8 segundoko aldea atera zion Arraun Lagunakek Tolosaldeari; Donostiarra 10 segundora heldu zen balizara, eta Tiran 41 segundora. Bigarren luzean, aldeak murriztu zituzten Tolosaldeak eta Donostiarrak, olatuekin gehiago asmatu ondoren. Hala ere, Arraun Lagunakek ondo eutsi zion zuen errentari, eta azkenean, 12 minututik jaitsi zen ontzi bakarra izan zen. Bigarren txandan, Orio nagusi izan zen hasieratik, baina ez zen nahikoa izan lehen txandako hiru ontzi onenen denbora hobetzeko.

Maddi Urdapilleta Tolosaldea traineruko arraunlariak azaldu duenez, asteburuaren balantze «nahiko positiboa» egin dute: «Galiziatik motibazio nahiko onarekin atera ginen, batez ere igandean bigarren postua lortzeagatik. Egia da larunbatean estropada bertan behera geratzeak motibazioa puntu bat jaitsi zigula, eta gainera ez genekien igandean estropada aurrera eraman ahal izango zen. Azkenean igandekoa egin ahal izan zen eta gu ondo estreinatu ginen, eta nahiko pozik itzuli gara Galiziatik».

Larunbata goiza «oso kontzentratuta» pasa zuten lehen estropadari begira, eta «gogo askorekin» Euskotren Ligari hasiera emateko. «Iritsi ginen estropada eremura eta ikusi genuen ezin izan ginela ontziratu«, esan du Urdapilletak. «Hondartzatik sartu behar genuen trainerua eta zeuden olatuekin ezinezkoa zen. Trainerua irauli zitekeen sartzerako unean, eta antolatzaileek ikusi zutenean egoera, ordu erdi lehenago bertan behera utzi zuten. Talde guztiak geratu ginen harrituta, ez genuelako horrelako ezer espero. Plan B bat izatea espero genuen, eta nola ez zegoen, denak harrituta geratu ginen».

Atzoko estropadan «gogo handiz» atera ziren, lehenengoa izanik. «Nahiko kuriositatea genuen jakiteko zer gertatuko zen, nola ateratzen zitzaigun guri eta beste taldeak nola zeuden. Galiziarrak nola arituko ziren ere ez genekien», zehaztu du Urdapilletak. «Ez genuen espero bigarren egitea eta talde batzuen aurretik geratzea, eta lehenengotik hain gertu. Baina nahiko estropada txukuna egin genuen, ikusita zein izan ziren itsasoaren baldintzak, oso zakarra zegoelako». Hurrengo estropadetarako «konfiantza puntu hori» lortu dutela gaineratu du Urdapilletak, baina oinak lurrean izan behar dituztela esan du: «Egun batean bigarren geratzen zara, eta hurrengoan zortzigarren geratu zaitezke, eta, beraz, borrokatzen jarraitu behar dugu».

Estropadako sailkapena:

  1. Arraun Lagunak: 11.58,08
  2. Tolosaldea: 12.01,32
  3. Donostiarra: 12.03,76
  4. Orio: 12.03,98
  5. Hondarribia: 12.12,70
  6. Cabo: 12.42,64
  7. Hibaika: 12.51,92
  8. Tiran: 13.09,52

Nerea Perez, patroi onena

Donostiarra taldeko Nerea Perez izendatu zuten estropadako patroi onena. Tolosako patroiak 8 puntu eskuratu zituen, eta oraingoz bera da lider patroien sailkapen nagusian. Hondarribia traineruko Miren Garmendia izan zen bigarren, 7 puntu eskuratu ondoren, eta Tolosaldeako Izaro Lestayo hirugarren, 6 punturekin.

Lestayok euskal telebistan adierazi zuenez, «oso handia» izan zen estropada. «Beldur puntu bat genuen laugarren kalean aritzeagatik, baina uste baino hobeto aritu gara. Egia da kanpoan itsasoa oso zikin zegoela. Hala ere, taldekideei esan diedan bezala, lehen oso harro banengoen beraietaz, orain argi dut beraiekin edonora noala». Izan ere, bigarren txanda amaitu ondoren, bigarren postuan sailkatu zirela jakitean, poz handia sentitu zuten Tolosaldeako arraunlariek. «Gogotsu geunden, baina ez genuen benetan sinesten non geunden, eta gaurkoa eta gero, arraunlariei esan diet orain hasten dela liga, eta sinetsi egin behar dugula», gaineratu zuen patroiak.

Datorren asteburuan bi estropada izango dituzte Euskotren Ligan. Larunbatean Donostian izango da eta igandean Zierbenan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!