Elkarretaratzeak egingo dituzte eskualdean, Iruñeko erailketa matxista salatzeko

Ataria 2023ko uztailaren 3a

Tolosan bi izango dira, Trianguloa plazan; 19:00etan, asanblada feministak deitutakoa, eta 20:00etan, Tolosaldeko Itaiak deitutakoa. Aiztondoko mugimendu feministak eta Lurgatz talde feministak deituta, Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian ere elkartuko dira, 18:30tan. 

Larunbatean, 51 urteko gizonezko batek 47 urteko emakume bat (bere bikotekidea) hil zuen Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan, 09:00 aldera. Arma zuri batekin egindako zauriak zituen. Iruñeko Udaltzaingoak atxilotu egin zuen, hiltzailea zelakoan. Hain zuzen, gizonezkoa bera joan zen Iruñeko Udaltzaingoaren komisariara, 10:00 aldera, eta aitortu zuen berak hil zuela emakumea. Azaldu zuenez, eztabaida bat izan zuten, eta gero hil zuen. Atxilotuak bere burua entregatu zuen. Udaltzainak eta Espainiako Polizia establezimendura iritsi zirenean, emakumearen hilotza topatu zuten bertan. Bikote izateaz gainera, Anayak tabernan bazkide ziren, eta elkarrekin bizi ziren. Emakumeak hiru ume zituen, eta haien testigantza jasota ondorioztatu dute hilketa matxista izan dela.

Gertatutakoa gaitzetsi eta hilketa matxista eta emakumeen aurkako edozein indarkeria arbuiatu dituzte Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak. Gaur arratsalderako elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko mugimendu feministek, tartean, eskualdeko zenbaitek. Tolosaren kasuan, bi elkarretaratze izango dira. Batetik, Tolosako Asanblada Feministak deituta, 19:00etan, Trianguloa plazan; Tolosako Udalak bat egin du deialdiarekin. Bestetik, Tolosaldeko Itaiak deituta, 20:00etan, toki berean.

Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian ere elkarretaratzea egingo dute, kasu honetan, Aiztondoko mugimendu feministak eta Lurgatz talde feministak deituta. 18:30tan izango da mobilizazioa. Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek bat egin dute deialdiarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!