Gasteiztik abiatu eta Donostian amaituko da 2023ko Frantziako Tourreko bigarren etapa, gaur; tartean, eskualdea zeharkatuko dute txirrindulariek. Hain zuzen, Goierritik sartuko dira Tolosaldean. Zaldibiatik Larraitzera igo ondoren, Abaltzisketatik eta Amezketatik barrena Alegiara jaitsiko dira. Ondoren, Altzora igoko dira, Txarama auzora jaitsi eta segidan Tolosa zeharkatzeko. Gero, Anoetara joango dira, eta bertan hasiko dute eguneko igoera gogorrenetako bat: Alkizarako igoera (mendate puntuagarria). Handik Asteasu eta Zizurkil lotzen dituen errepidera jaitsiko dira, eta azkenik, Adunako industriagunetik Andoainerako bidea hartuko dute.
Ordu luzez luzatuko den festa izango da eskualdearentzat zein herritarrentzat. Izan ere, txirrindulariak igaro aurreko publizitate-karabanaz ere gozatzeko aukera eskaintzen du Tourrak. Gutxi gorabehera, txirrindulariak igaro baino bi ordu lehenago pasako da.
Ezohiko ekitaldi honek, baina, aldaketak eragingo ditu trafikoan. Lurraldebus autobus zerbitzuan ere aldaketak izango dira eskualdean. Errepideak gutxienez lau orduz egongo dira itxita. «Kontuan izan behar da, txirrindulariez gain, 600 ibilgailu inguru eta 200 motozikleta ere igaroko direla», azaldu dute antolatzaileek. Hori dela eta, garbi utzi nahi izan dute errepidea erabat itxiko dela, ezin izango dela ezertarako gurutzatu, ez ibilgailuan, ezta oinez ere, eta larrialdiren baten kasuan, horretarako protokoloa prestatu dutela. Besteak beste, Alkizara igotzeko bideak itxita daude atzo goizetik gaur gauera arte; herritarrek baino ez dute izango aukera igotzeko. Tourraren pasaera Alkizan ikusi nahi duenak, Anoetan edo Asteasun autoa utzi (aparkalekuak jarriko dituzte) eta oinez edo bizikletaz igo beharko du.
Tolosa itxita
Tourraren eraginez, trafikoa etengo da Tolosako herrigunean, gaur goizeko 11:00etatik lasterketa amaitu bitartean (17:00 inguru). Zehazki hauek dira itxiko diren auzo zein kaleak: Amarotz, San Blas, Igeralde, Izaskun auzoa, Bidebieta auzoa, Kondeaneko aldapa, Santa Klara, Igerondo, Ibaiondo, Belate eta Zuloaga auzoak. Lasterketak iraun bitartean, ezingo dira gune horiek ibilgailuz zeharkatu, ezta horietatik sartu-irtenik egin ere. Horren harira, gaur, joan-etorriren bat egiteko asmoa dutenei, aldez aurretik ondo antolatzeko deia egiten die udalak, egin beharreko ibilbidea eta ordutegia ere kontuan hartuz. Herrira sartu-irtenak Olarrain–Benta Haunditik egitea gomendatu du udalak.
Garajeetako sarbideetan ere eragingo du. Lapurdi aparkalekuko eta Rondilla zein Inpernuko garajeetarako sarrera-irteerak Rondilla kaletik egin beharko dira. Rondilla kalea bi noranzkoa izango da Triangelutik Barrena kaleraino lasterketak iraun bitartean (11:00etatik - 17:00etara gutxi gora behera).
XXL ikurrina Larraitzen
Frantziako Tourra Euskal Herrian abiatuko dela jakinda, Gure Eskuk ikurrinez jantzi nahi ditu euskal errepideak. Lehen hiru etapen hasieran eta helmugan 1.000 makiladun ikurrin banatuko ditu Gure Eskuk. «Euskal herria 7 lurraldez osatuta dagoela, eta 7 lurraldeko herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela argi adierazi nahi dugu nazioartean». Ikurrinak etapan bertan banatuko eta jasoko dituzte. «Ikurrin hori itzuli beharko dugu hurrengo etapan erabili ahal izateko. Horretarako, banaketa guneak jarriko ditugu».
Ikurrin txikiak banatzeaz gain, ikurrin erraldoiak ere jarriko ditu Gure Eskuk zenbait puntutan, eta horietako bat Abaltzisketako Larraitz auzoa izango da. Txirrindulariak bertatik igarotzen direnean, XXL tamainako ikurrina erakutsiko dute. Horrez gain, XL tamainako ikurrinak eta nafar banderak ere ikusgai egongo dira bidean zehar.
Alkizan eta Altzon, festa
Tourraren aitzakian, zenbait herritan, kale animazioa izango da. Alkizan eta Altzon, esaterako, egitarau berezia prestatu dute. Alkizako Udalak egun osoko festa antolatu du: jan-edana, pantaila erraldoia, highline-a eta musika izango da bertan.
Lizartzako Udalak ere festa antolatu du, kasu honetan, Altzon. Herritarrei dei egin die Altzo aldera errepide albotik animatzera igotzeko. 10:00etan elkartuko dira Lizartzako plazan, eta 12:00etan Altzon; lau ibilbide desberdin izango dira aukeran.
Altzon bertan, musika, jolasak eta porra izango dira, baita jatekoa ere, ostatuaren eskutik. Ogitartekoak banatuko dituzte: solomoa (6 euro), oilasko bularkia (6,5 euro), tortilla (6,5 euro) edo xerra (8 euro); gazta edo piperra gehitzeko aukera izango da, bakoitza 0,5 euroren truke. Ogitartekoak aurrez eskatu beharko dira, 659 706 521 edo 638 889 163 zenbakietako batera WhatsApp mezua bidalita. Eskaerak egiteko epea amaitu zen.
Altzon bertan, Elordi elkartea zabalik izango da 10:00-17:00 bitartean. Pintxoak, bokatak eta salda salgai jarriko ditu Elordi elkarteak Tourra Altzotik igarotzen dela aprobetxatuta.
Herri bakoitzetik igaroko den ordua, gutxi gorabehera (43 kilometro orduko bataz besteko abiaduran):
- 15:06. Larraitz (Abaltzisketa).
- 15:08. Abaltzisketa.
- 15:12. Amezketa.
- 15:15. Ugarte (Amezketa).
- 15:20. Alegia (herrigunetik pasa gabe, GI-2133-GI-3620).
- 15:21. Altzo.
- 15:26. Txarama (GI-3620-GI-2135).
- 15:28. Tolosa (GI-2135-GI-2130-Herrigunea-GI-3650).
- 15:35. Anoeta (GI-3650-GI-3630).
- 15:40. Arana Bailara (Alkiza, GI-3630).
- 15:41. Alkiza (3. mailako mendatea).
- 15:45. Azaldegi bailara (Alkiza).
- 15:47. Asteasu (herrigunetik pasa gabe, GI-3630-GI-2631).
- 15:50. Zizurkil (GI-2631-GI-3610).
- 15:53. Uparan industriagunea (Aduna).
- 15:54. Erribera industriagunea (Aduna).
*Publizitate-karabana bi ordu lehenago igaroko da.
Frantziako Tourreko bigarren etaparen profila eta bideoa: