Eñaut Urkaregi, Izaro Etxarri eta Maier Olano dominekin itzuli dira Espainiako Txapelketatik

Ataria 2023ko ekainaren 30a

Eñaut Urkaregi eta Izaro Etxarri.

Kadete mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketan txapeldunorde izan dira Urkaregi eta Etxarri errepideko proban. Erlojupekoan taldeka irabazi dute biek Euskadirekin, eta Maier Olanok ere eskuratu du lorpen hori.

Danena Txirrindularitza Eskolako Eñaut Urkaregi larrauldarrak eta Andoaingo Txirrindulari Elkarteko Izaro Etxarri adunarrak hiruna domina lortu dituzte Espainiako Txapelketan, Cartagenan (Espainia). Atzo taldekako erlojupekoan parte hartu zuten Euskadiko selekzioarekin, eta lehen postua lortu zuten. Emakumezkoen taldean ere parte hartu zuen Oriako Txirrindulari Eskolako Maier Olano tolosarrak, eta berak ere urrezko domina jantzi zuen.

Gaur errepideko proba izan dute eta Urkaregi eta Etxarri garaipenetik gertu egon dira. Larrauldarrak bigarren egin du, Enrique Maranchonen atzetik. Ihes egin zuen bukaera aldera Maranchonek, eta ondoren bere atzetik atera da Urkaregi, baina azkenean ezin izan du harrapatu eta 18 segundora helmugaratu da. Ondoren, irabazlearengandik 36 segundotara ia hogei txirrindulariko taldetxoa iritsi da helmugara. «Atzo garaipena lortu genuen, eta gustura geratu ginen. Gaur bagenekien lehian egon gintezkeela, eta bukaerako igoeratxoaren ondoren hogeiko talde batetik ihes egitea lortu dut eta azkenean bigarren egin dut», esan du Urkaregik. Taldeka bigarren egin du Euskadiko selekzioak.

Etxarrik ere aukerak zituen garaipenarengatik lehiatzeko, baina Paula Ostiz nafarrak bere nagusitasuna erakutsi du. 30 kilometroren faltan ihes eginda zihoan txirrindulari bat harrapatu eta aurrera egin du garaipena lortzeko. Atzetik bi txirrindulari iritsi dira, 1.42ra, Etxarri bera eta Lidia Castro de la Serna. Esprintean azkarrago izan da adunarra eta zilarrezko domina jantzi du. Olano bederatzigarren helmugaratu da. «Segurtasunarekin gentozen atzo irabazita, eta bagenekien beste taldeak baino indartsuago geundela. Taldeka irabazita gustura gaude lortutako emaitzarekin», esan du Etxarrik. Izan ere, Euskadiko selekzioa lehenengo postuan geratu da, eta Etxarrik bere hirugarren domina eta Olanok bere bigarrena lortu dute.

Mutilen errepideko podiuma.

Nesken errepideko podiuma.

Nesken erlojupeko taldekako podiuma.

Mutilen erlojupeko taldekako podiuma.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!