Aniztasunaren aldeko borrokan, bat egiteko deia

Ataria 2023ko eka. 28a, 20:01

Villabonan Olaederra kiroldegiko hesia ortzadarraren kolorez margotzen aritu dira; Tolosako Udalak Harrotasunaren Egunarekin bat egin eta balkoietan bandera zintzilikatzera deitu ditu herritarrak.

LGTBQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egin dute eskualdeko hainbat udalek, eta ekitaldiak ere antolatu dituzte herritarrak gaiaren inguruan sentsibilizatze aldera.

Atzo, esaterako, Villabonako Gurea antzokian, Pride filma izan zen ikusgai. Villabonan bertan, aurkeztu berri dute LGTBIQ+ kolektiboari bizi baldintza duinak bermatzeko helburua duen plana. Eihera kooperatibak eta Amasa-Villabonako Udalak elkarlanean eginiko planak multzotan sailkatutako 43 neurri jasotzen ditu, udalak horiek aztertu eta ezartzeko. 

Gaurkoan, Lurgatz talde feministarekin batera Olaederra kiroldegiko hesia ortzadarraren kolorez margotzen aritu dira. Eta horrekin batera, Harrotu eta margotu ipun kontaketa saioa izan da, Betzaida Urtzaren eskutik.

Bestalde, Tolosaren kasuan, Zinegoak jaialdiaren film laburrak eskaini zituzten atzo, Topic-en. Eta gaur, Tolosako Udalak, Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, adierazpen instituzionala egin du, udaletxeko balkoitik harrotasunaren bandera zintzilikatzearekin batera. Adierazpen horren bitartez, Tolosako Udalak LGTBIQ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi du eta konpromisoa berretsi sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko. «Izan ere, pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta zaindu behar dugu LGTBIQ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izatea». Hala, udalak herritarrei eskatu die sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, eta foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela, eta balkoietan eta leihoetan bandera zintzilika dezatela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!