Eskualdeko hiru pilotari San Fermin jaietako binakako txapelketan

Asier Imaz 2023ko ekainaren 28a

Jokin Altunak Rezustarekin osatuko du bikotea, Jon Ander Peñak Albisurekin eta Erik Jakak Arangurenekin.

Binakako San Fermin Txapelketa atzo aurkeztu zuten bi enpresek, hau da, Baikok eta Aspek. A taldean, Jon Ander Peñak jokatuko du, Albisurekin bikotea osatuz. B taldean, Altuna III.a eta Jaka egongo dira. Amezketarrak Rezusta izango du atzean, eta lizartzarrak Aranguren. Uztailaren 7an hasiko da txapelketa eta finala uztailaren 14an jokatuko da, Labriten.

Eskualdeko beste pilotariek ere Labriteko giroa ezagutzeko aukera izango dute sanferminetan. Iñaki Artolak eta Xabier Tolosak lehen partida jokatuko dute uztailaren 7an, 11:00etan, Eskiroz eta Dario lagun dituztela. Alegiarrak, uztailaren 13an, Urzante Erronkan parte hartuko du, Darioren aurka, buruz burukoan. Aipatu beharra dago, lau eta erdiko txapelketan bizirik jarraitzen duela Artolak. Final-laurdenetan Erik Jaka izango du aurkari. Partida hori ostiral honetan jokatuko da Zaldibarren. Finalera iritsiz gero, alegiarrak ezin izango luke jaialdi horretako lehen partida jokatu, enpresak aurreikusi duen bezala. Izan ere, lau eta erdiko finala uztailaren 7ko goizeko jaialdian jokatuko da.

Elizegi asteasuarra uztailaren 7an, 9an eta 12an izango da Labriten, Alberdirekin eta Agirrerekin bikotea osatuz. Hilaren 7ko jaialdia 22:15ean hasiko da; 9koa 17:00etan eta 12koa 22:15ean.

Ugartemendiak eta Iztuetak uztailaren 10ean jokatuko dute Euskal Herriko hiriburuan. Alkizarrak Alberdi izango du aurrelari eta tolosarrak Artola. Jaialdi hau 22:15ean hasiko da.

Xabier Tolosak sanferminei hasiera eta amaiera emango die. Lehen jaialdiko partidan jokatzeaz gain, azkeneko egunean ere zuriz jantziko da Labriten anoetarra. Elezkano II.a izango du lagun partida horretan. Aurkarietako bat Imaz izango da. Oiartzuarraren aurrelaria oraindik ez du zehaztu Baiko enpresak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!