Artolak aurrera egin du San Fermin Torneoan

Ataria 2023ko ekainaren 26a

Pilotari alegiarrak 22-18 hartu zuen mendean Zubizarreta III.a, eta Jakaren aurka jokatuko du final-laurdenetako kanporaketa, ostiralean. Peña II.ak tanto bakarragatik galdu zuen Urrutikoetxearen aurka final-laurdenetako beste kanporaketan.

Iñaki Artola Baiko Pilota enpresako pilotari alegiarrak Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko final-zortzirenetako kanporaketa gainditu zuen, ostiralean. Barañaingo Retegi pilotalekuan jokatu zuen, Zubizarreta III.aren aurka eta 22-18 irabazi zuen. Ostiral honetan, Erik Jaka lizartzarraren aurka jokatuko du Baikoren final-laurdenetako kanporaketa, Zaldibarko Olazar pilotalekuan; 21:15ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partida izango da. Irabazleak, igandean jokatuko du finalerdia Elgetan.

Baikoren final-laurdenetako beste kanporaketa larunbatean jokatu zuten Peña II.ak eta Urrutikoetxeak, Muskizen. Pilotari tolosarrak esku-eskura izan zuen garaipena, baina azkenean, 22-21 irabazi zion aurrelari bizkaitarrak. Garaipen honi esker, igandeko finalerdirako sailkatu zen Urrutikoetxea.

Altuna, ostegunean

Aspe enpresari dagokionez, pasa den asteburuan, final-zortzirenetako bi kanporaketa eta final-laurdenetako bat jokatu ziren. Final-zortzirenetan, bai Peio Etxeberriak, baita Elordik ere, 22-4 irabazi zieten Salaberriari eta Elezkano II.ari, hurrenez hurren. Etxeberriak Ezkurdiaren aurka jokatu zuen atzo final-laurdenetako kanporaketa; aurrelari arbizuarrak 22-20 irabazi zuen, finalerdietako kanporaketara sailkatuz.

Ostegunean ezagutuko du aurkaria Ezkurdiak. Elordi edo Altuna III.a izango da. Buruz buruko txapelketako bi finalistek Mungiako Trobika pilotalekuan jokatuko dute; 17:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da. Irabazleak, larunbatean jokatuko du finalerdia Ezkurdiaren aurka, Sopelan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!