Erreportajea

Eguzkia, ura etxera iristeko

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 23a, 11:59

Marokoko Taghia herriko etxe guztietara ura iristeko proiektu bat daukate martxan Aitzol Ibarzabal azpeitiarrak eta Iñaki Arakistain azkoitiarrak; eguzki panelekin energia sortu eta ura ponpatu nahi dute. Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak ere parte hartuko du proiektuan.

Marokoko Taghia herrira egindako bidaia batetik bueltan, egoeraren inguruan hausnartu, eta herri horretako etxe guztietara ura iristeko proiektu bat jarri dute abian Aitzol Ibarzabal azpeitiarrak eta Iñaki Arakistain azkoitiarrak: Taghia Eguzkiz Blai. Eskalatzaileak dira biak, eta proiektua «ahalik eta lasterrena» gauzatu nahi dute, Taghiako herritarrek etxeetan ura izan dezaten.

Ia 90 etxe eta laurehun biztanle inguru ditu Taghiak, eta Atlas Garaian dago kokatuta. Ibarzabalek azaldu du eskalatzaileentzat «ohiko leku bat» dela hura, eskalatzeko dituen hormengatik, eta logistika aldetik «erosoa» delako. «Eskalatzaileoi asko gustatzen zaigu Taghia, herritarren tratua ere oso ona delako».

2021eko apirilean egin zuten bidaia Marokora. Ibarzabalen lehen aldia zen, eta Arakistainen hirugarrena. «Pandemia garaia zen, eta zailtasunak zeuden hara iristeko. Esan ziguten azken urte eta erdian ez zutela eskalatzaileen bisitarik jaso, eta lehenak ginela. Opari bat izan zen guretzat». Izan ere, Ibarzabalek aitortu du horrelako bidaietan eskalatzaileekin egiten dutela topo beti eta haiekin pasatzen dutela denbora gehien, bertako herritarrekin baino gehiago: «Bakarrik egoteak bertakoekin harreman handiagoa izateko aukera eman zigun; haurrekin jolasean aritu ginen, helduekin luze hitz egin genuen…».

Egun batean, Casablanca hiritik bidalitako elikagaiak Taghia etxeetara banatzeko deialdira gonbidatu zituzten. «Herritarrak elkarrekin ikusi genituen, pozez; momentuak dira, baina zer pentsatua ematen dute».

Laguntzeko aletxoa

Bidaia hartatik bueltan hasi ziren Taghia herritarrei nola lagundu pentsatzen. Herrixka hartan erreka ederrak dituztela eta ur asko dagoela esan du eskalatzaile azpeitiarrak. «Ez da posible etxeetara urik ez iristea». Eguzki panel batzuen bidez ura ponpatzeko ezer egin ote zitekeen pentsatu zuten lehenik eta behin.

Marokoko Gobernuak bazuen proiektu bat martxan, ur hornidurarako. Bi depositu dituzte herrian, eta gasolinazko motor baten bidez ura ponpatzea zen helburua. «Kontua da gasolina hemengo prezio berean dagoela han, eta soldatak gureak baino hamar aldiz baxuagoak direla».

Proiektuarekin ezertan hasi aurretik, Taghiako herritarrekin hitz egitea pentsatu zuten Ibarzabalek eta Arakistainek. «Ura etxe guztietara iristeko behar hori guk geure begiekin ikusi dugu, baina eurek, agian, ez dute uste halako beharrik dagoenik». Taghiara joaten direnetan ostatu hartzen duten etxeko mutila da Mohamed, eta hari proposatu zioten ideia. «Ez genuen nahi haiek beharrik eduki ez eta guk behar hori sortzerik«. Mohamedek herritarrekin hitz egin zuen segidan, eta proposamenarekin ados zeudela helarazi zien bi gazte gipuzkoarrei.

Behin baimena izanda, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuarekin jarri ziren harremanetan. Haiei ere proiektua gustatu, eta elkarlanean ari dira. «Ikasleekin lantzeko proiektu interesgarria iruditu zitzaien, modulu desberdinetan lantzeko aukera eskaintzen baitu; ez soilik mekanismoaren inguruan, baita administrazio arloan ere».

Garrantzitsuena falta zaie, ordea: finantzaketa. Urrian edo azaroan Taghiara joatea eta guztia muntatu ahal izatea da asmoa, baina hori diruak baldintzatuko duela dio Ibarzabalek. 50.000 euro inguru behar dituzte, materiala erosi eta eskolarekin elkarlanean probak egiten hasteko. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat dute martxan, eta herritarren ekarpena jaso nahi dute. «Bakoitzaren hondar aletxoarekin, Taghiako etxeetan lehen ur tanta geroz eta gertuago izango da».

Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako erreportajea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!