Tolosaldea IKTko igerilariak, denboraldi amaiera prestatzen

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 22a, 16:00

Tolosaldea IKT taldeko hainbat kide, Tarragonako egonaldian.

Asteburuan hasi eta uztaila bukaera arte lehiaketak dituzte. Hainbat igerilari egonaldia egiten ari dira Tarragonan.

Tolosaldea IKT taldeko igerilariak denboraldi amaierara begira jarri dira, eta asteburu honetatik hasita, hainbat txapelketa izango dituzte. Gipuzkoako Txapelketa izango dute asteburuan, Azpeitian, eta ondoren Euskal Herriko Txapelketa izango dute Gasteizen uztailaren 6tik 8ra, infantil, junior eta absolutu mailentzako. Uztaileko azken egunetan Espainiako txapelketak izango dituzte, infantil eta open (junior eta absolutu) mailetan.

Nazioarte mailako txapelketei dagokionez, Nahia Garridok Europako Junior Txapelketan parte hartuko du uztailaren 4tik 8ra, Belgraden, eta bertan 50, 100 eta 200 metro bizkar probetan parte hartuko du. Entrenatzaile moduan ere bertan izango da Joseba Zubeldia Tolosaldeko IKTko kidea. Irailean, Garridok Munduko Junior Txapelketan parte hartuko du. Bere aldetik, Mattin Zubeldiak Europako Gazte Mailako Olinpiar Jokoetan parte hartuko du Mariborren (Eslovenia) uztailaren bukaeran.

Prestaketan laguntzeko, hamar egun ari dira igarotzen Tarragonan taldeko hamahiru igerilari, Joseba Zubeldia eta Nerea Pagola entrenatzaileekin batera, Sylvia Fontana igerilekuan. «Egoera berezia sortu da Tolosako Usabalgo kiroldegiko langileen grebarekin. Ezin dugu bertako igerilekua erabili eta hor aritu gara igerilekuz igerileku, kilometro asko eginez. Pentsamendu ezkorrak gehiago ziren positiboak baino, eta erabaki genuen zerbait berezia egitea, eta egonaldi txiki bat egitera etorri gara Tarragonara», azaldu du Zubeldiak. «Sentsazio positiboak hartu nahi ditugu, eta ea zer moduz bukatu dezakegun denboraldi zail hau».

Maiatzaren 8an hasi zen Usabalgo greba mugagabea. «Hasieran, gure erronka izan zen lehiaketetan parte hartzen ari ziren igerilariak entrenatzen mantentzea, eta hasieran hiru-lau igerilekutan hasi ginen. Gero, beste erronka izan da talde guztiei uretan saio bat eskaintzea», esan du Zubeldiak. «Hunkigarria da gazte hauek zenbat sufritzen eta zenbat esfortzu egiten ari diren ikustea. Zoriontzekoa da egiten ari diren esfortzua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!