Uztailaren 7an Amezketako Zuzitza eta Asteasuko Bulano baserriak bisitatzeko aukera izango da

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 23a, 11:58

Enbak antolatuta, Gipuzkoa eta Bizkaiko 25 baserrik euren ateak zabalduko dituzte uztailaren 7an eta 8an, 'Ongi Etorri Baserrira!' ekimenaren zortzigarren edizioan. Bisitariek aukera izango dute betiko baserria bisitatzeko.

Baserri mundua eta hiriaren arteko zubigintza lanak egiteko asmoz, orain bederatzi urte, 2014an, Enba sindikatuak Gipuzkoako zortzi baserrietako ateak zabaltzea erabaki zuen, etxeko ateak zabalduaz, ekoizle eta kontsumitzaileenganako harremana sendotu eta estutu nahian. Aurtengoan, Ongi Etorri Baserrira! ekimenaren zortzigarren edizioa egingo dute. «Gure jakien jatorria berraurkitzeko eta beren ingurune naturalean, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiko dugu», azaldu dute antolatzaileek.

Uztailaren 7an eta 8an, Gipuzkoa eta Bizkaiko 25 baserritarrek euren baserrietako ateak zabalduko dituzte, beren ukuiluak, baratzak eta landa-guneak ezagutzera emateko. «Familian edo lagunartean egiteko bisita zoragarriak jarriko ditugu denon eskura», adierazi dute. Bestalde, bertako elikagaien kontsumoa sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hazi fundazioaren bitartez, talde bakoitzean, elikagai otarra zozketatuko dute. «Bertako elikagaien aldeko apustu garbia da, landa-guneari balorea emateko, barnealdeko guneetako turismoa sustatzeko eta nola ez, gure herri gastronomia goratzeko». 

Bisiten inguruko informazioa:

  • Ordutegia: 11:00-14:00.
  • Informazio osagarria izateko eta izena emateko: Ongietorribaserrira.eus edo 943 650 123.
  • Izena emateko azken eguna: uztailak 4, asteartea.
  • Prezioa: doan.
  • Egunak eta baserriak:
    • Uztailak 7, ostirala:
      • Antzuola: Lamariano Azpikoa Ama-Txo gaztandegia (ardia eta gazta sorta zabala)
      • Amezketa: Zuzitza (txerriak eta behi pirenaikoak)*
      • Asteasu: Bulano (esne behiak)*
      • Azpeitia: Premi-Etxeberri (larre behiak, ardiak eta gazta)*
      • Beizama: Oiarbi-Saletxe (behi limusinak eta txerriak)
      • Elgoibar: Mausitxa (ardiak, gazta eta larre behiak)*
      • Getaria: Giez Berri (eztia)
      • Igorre: Urkitze (esne behiak, okelarako behiak eta landa oiloak) Haur tailerra: Nirea
      • Urnieta: Onddoak Otazu (shitake perretxikoak)
      • Zerain: Ariztizabal (basoa) - Txirbil (egurrezko bizikletak)
      • Zerain-Idiazabal: Olabide (ardiak) eta Ondramuño baserria (Aranburu gaztandegia)
    • Uztailak 8, larunbata:
      • Antzuola: Lamariano Azpikoa Ama-Txo gaztandegia (ardia eta gazta sorta zabala)
      • Aralar: Beltzulegi-Segurola artzain familiaren txabolara joango dira, bere bizimodua eta gaztagintza ezagutzeko. Oinez 2 ordutako igoera da eta beste hainbeste jaitsiera. Mendirako arropa eta oinetakoak nahiz ogitartekoa eta edaria eramatea gomendatzen dute.
      • Aretxabaleta: Areantza Etxebarri (esne behiak eta jezteko robota)
      • Beizama: Urkizahar (mahastiak eta txakolin ekologikoa)
      • Donostia: Pokopandegi (esne behiak eta Goenaga jogurta)
      • Errezil: Basabe Barrena (sagastiak eta baserriko ogia) Haur tailerra: Nirea Kortezubi: Olosaba (okelarako behiak - salmenta zuzena)
      • Loiu: Abaroa (erlezaintza eta eztia ontziratzea)
      • Oñati: Gomiztegi (ardiak eta gazta)
      • Ordizia: Arramendi (esne behiak eta ardiak)*
      • Urnieta (8): Adarrazpi (ardiak, gazta eta mamia), Eula (sagastiak eta sagardotegia). Bazkari-dastaketa kontratatu daiteke bertakoekin aurrez hitz eginda.
      • Zarautz: Baso Beltz (barazkigintza)*
      • Zumaia: Xarrondo Behekoa (esne behiak, esnea ontziratua eta jogurta)

*Soilik euskaraz izango dira

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!